Julen MURGOITIO
Ahuntzik gabeko arka
Euskal Herrian gertatzen dena ez dago ulertzerik, beroketa globalak jotako nirea bezalako burumuinean behinik behin. Hau bai herri aldrebesa! Horra Nafarroan ke eta joan ari da aspaldian bertako Eliza ustez kristautasunarekin zerikusia duten ondare publikoak, hondar bat bera ere ahaztu gabe, bere izenean jartzen, izenak izana dakarrelakoan. Omen. Amen. Baina une berean Euskadin zer eta bertako Elizak tutik ere ez du esan katedralak publiko egiteko dagoen azken tentaldiaren aurrean. San Mamesen kasua, kasu baterako. Eliza gorrarena dago egiten, katedrala galtzeko zorian izanda ere. Susmagarria oso. Erruki jauna! Ez, ez dira garai onak Elizarentzat. Zelan sinestarazi balizko fededunei izkribu sakratuetan aipatzen zen pasadizo hura, ez dakit zeinek ibaiko urak une batez gelditu zituenekoa, egunotako ibaien ur handiak ikusita? Ee? Bai, ados, errazagoa dauka Elizak beste morroi haren arkarena sinestarazteko, baina, hala ere, animaliatan zeintzuk ale sartuko zituen hark oraingoan, behi eroena, gripeak jotako hegaztiena eta txerrien azkena jakinda? Eta zer pentsu hartu, bere pentzutan hartutako animalientzat jakina, transgenikoen garaian izanda? Ez, ez du erraza.
Tira, harira! Zinema aldia da oraingoa, urtero den bezala udaren azkenekootan. Kale gorrian direnengan zirrara sortzeko, edo elkartasun keinu modura, zeinek jakin!, jainkoak berak baleki!, alfonbra gorria kalean zabalduta. Zinemaldiarena baliatuta, lehengoan komenientziazko banderapeko kazetari batzuk Arabako barnealdeko herrixka batera eraman zituzten, hain txikia non, dirudienez, elizarik ere ez den, BBTen erakustaldia bertatik bertara ikusteko. Hasiera batean mendiko bizikletari lotutako erakustaldia zela uste nuen, neure ezjakinean, baina Berrozi Berezi Taldearena ez zen izango bada! Itxura batean, haxe bai ikuskizuna! Belarriak aspertu arteko piroteknia, helikopterotiko liana antzeko soka bidezko jaitsiera akrobatikoak, pim, pam, pum-ka ezker-eskuin, ezkerrari gehiago eskuinari baino. Efektu berezizko erakustaldia gero! Normal, bereziak ziren eta! Hori bai, ahuntzik ez zen karpapeko ikuskizunean ageri. Nonbait desagertu egin da espezie hori inguruetatik, garai bateko ehizagatik edo. Poetaren hitzetan: arma, tiro, pum! Ahuntza akabatu. Oraingo uholde handian arkan ahuntzik ez. Akerrak, ostera, sobera, transgenikoak, jakina!