GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte independentistek urriaren 17an ospatuko dute 30. urteurrena

Jarrai gazte erakundea sortu zeneko 30. urteurrena da aurtengoa. Hala, proiektu politiko beraren alde borrokan eta lanean dabiltzan gazte independentistek datorren urriaren 17rako nazio mailako ospakizuna antolatu dutela eman dute aditzera, hiru hamarkadotako ibilbidea aldarrikatu eta aurrera begira ere independentziaren alde indarrak biltzen segitzeko. Egun, independentziaren aldeko borrokari atxikitzea are eta garrantzitsuagoa dela aldarrikatu dute.

GARA

Jarrai gazte erakunde iraultzailea sortu zeneko 30. urteurrena ospatuko da aurtengoan, soka beretik jarraitu dioten Haika eta Segi gazte antolakunde independentistek Euskal Herriaren askatasunaren eta eraldaketa sozialaren bidean hiru hamarkadotan lan eskerga hori garatuz. Hala, gazte independentistek ohar bidez aditzera eman dutenez, datorren urriaren 17rako gazte erakundearen 30. urteurrenaren ospakizun nazionala antolatu dute.

«Euskal Herriaren askapen mugimenduaren baitan espazio propioa behar zutela ikusirik, gazteak antolatu eta borrokatzeko eremua sortu zuten duela 30 urte: Jarrai. Orduz geroztik, estatuek eta hauek kudeatzen duten sistema kapitalista-patriarkalak gazteria zapaltzeko ezarri mekanismoei aurre egin eta sistemak sortzen dituen arazoak borrokatzeko tresna izan da. Drogen fenomenoaren aurrean, prekarietatearen aurka, intsumisioaren borrokan, ETTen aurka, AHTren aurrean... borroka zehatzak martxan jartzeaz harago, gazteria proiektu politiko oso baten baitan bilduaz. Biharko Euskal Herria gaurdanik eraikitzeko alternatiba garatuz, gazteriaren gaitasuna mahai gainean ezarriz», azaldu dute gazte independentistek.

Errepresioa, ezintasunaren isla

Proiektu politiko hori, independentziaren eta sozialismoaren aldekoa dela nabarmentzearekin bat, eta gazteen borroka indartzen joan ahala, estatuek beti errepresioarekin erantzun izan dutela azpimarratu dute. Hala, ZEN plana, «Y taldeak, terrorista izendatzea, zerrenda beltzak, ADNa...» aipatu dituzte, besteren artean, euskal gazteriaren aurkako errepresio tresna gisa.

Testuinguru horretan, udazken honetan bertan Madrilgo salbuespeneko auzitegian gazte independentisten aurkako epaiketak abiatuko direla aipatu dute, muntaia politiko-mediatiko baten bidez, finean, Segiko kideak izateagatik zigortuko dituztela gogor salatuz, guztia «kale borrokaren aitzakiapean eginez».

«Euskal Herria aldaketaren garaian dagoen honetan, gazteria bereziki kolpatua da, etsaiak ongi baitaki gure izaera eraldatzailea eta askapen mugimenduaren beharrezko erregaia garela. Errepresioaren erabilerak beraz, proiektu politiko baten aldeko lana bera zigortu nahi du, mugimendu politiko bat desagerrarazi, kriminalizatu, belaunaldien arteko katebegia moztu. Disidentzia eta borroka adierazpen oro desagerrarazi nahi dituzte!», salatu dute.

«Gurekin zereginik ez dute!»

«Independentista eta sozialista izateagatik, beste jendarte eredu baten alde borrokatzeagatik, gure auzo, herri eta ikastetxetako mugimenduaren parte izateagatik... erasotuak bagara, egiten dugun lan horren berrespena egin eta lana bera indartzeko erabiliko ditugu epaiketa hauek. Independentismoa da terrorista bihurtu dutena, borrokatzea bera. Hori nahi badute, Euskal Herriko kaleak terroristaz beteta daudela, gurekin zereginik ez dutela erakutsiko diegu!», azpimarratu dute ondotik.

Hala, Euskal Herriaren etorkizuna bidegurutzean iltzaturik aurkitzen den une politikoa bizi dugula ulerturik, gazte independentisten irudiko «inoiz baino garrantzitsuagoa da independentziaren aldeko borrokara lotzea, guztia baitugu irabazteko». Eta gazte erakundearen 30. urteurrena nazio mailan ospatzeko datorren urriaren 17an jarri dute hitzordua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo