GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

San Miguel Liga

Hazita iritsi da «Erreka» Bermeoko kostaldera

Pasai Donibanek aurrea hartu dio Astillerori eta ia ziurtatuta du datorren urtean gorengo mailan lehiatzea.

p045_f01_222x222.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Gaur Portugaleten sekulako ezbeharren bat gertatzen ez bada behintzat, Pasai Donibane TKE Ligara itzuliko da datorren denboraldian hiru urtez kanpoan egon eta gero. Gipuzkoarrek estropada bikaina osatu zuten Bermeoko ur zakarretan eta denborarik onena egin zuten igoera kanporaketaren aurreneko jardunaldian, Astillero eta Meiraren aurretik. Hiru puntu eta Meirarekiko 20 segundoko tartea poltsikoan edukita, baikor izateko arrazoiak badituzte Pasaia aldean. Bigarren jardunaldia gaur jokatuko da, erlojuaren aurka berriz ere, Portugaleteko uretan (12.00).

Amaiera ederra izan zuen istorioak, baina hasiera makurra ere bai, alajaina. Zeharkako olatuak izugarri erasan zion «Erreka»ri aurreneko luzean eta lehen ziabogan zazpi segundoko atzerapena zuen Astillerorekiko eta laukoa Meirarekiko. Maniobra ere ez zen batere ona izan, baina lurretik emandako erreferentzia txarrak suspertuta-edo, arrosek lan bikaina egin zuten poparean. Lan erdiak betetzerako Meira nabarmen utzi zuten atzean eta beste kemen batekin heldu zioten hirugarren luzeari.

Baina ezustekoa ondoren etorri zen. Meirari ahalik eta denbora gehien ateratzeko helburuarekin, beste martxa bat sartu zuten pasaitarrek eta azkenean Astillerori aurrea hartzea ere lortu zuten, ozta-ozta. Urrea balio duen lau ehuneneko aldea atera zion Pasai Donibanek Astillerori, eta horrek gaurko hitzorduari askoz lasaiago aurre egiteko aukera ematen du.

Pasai Donibanekoen tripulazioa honakoa izan zen atzokoan: Xabier Tamayo, Endika Alberdi, Beñat Eizagirre, Kepa Arrizabalaga, Garikoitz Tolosa, Ion Piñeiro, Emil Alexandru, Iñaki Durandegi, Julen Durandegi, Igor Makazaga, Aritz Alfonso, Beñat Lekue eta Anartz Guereño, Endika Perez patroi zutela.

Astillerok ere, txartela eskuetan

Astillerok ere, bestalde, datorren urtean San Miguel Ligan arraun egiteko txartela ia eskuetan du. Kantabriarrek Meirak baino puntu bat gehiago dute sailkapenean eta 20 segundoko tartea bere alde. Gauzak hala, ezusteko handia beharko luke 2003ko eta 2005eko txapelduna liga nagusitik kanpo gelditzeko.

«San Jose XIV» ontzia izan zen irteera hartzen lehena eta erreferentziarik gabe egin zuten arraun aurreneko minutuetan. Gainera, estatxarekin izandako arazoak medio, estropada ia 15 minutu beranduago hasi zen.

Astilleroko tripulazioa hau izan zen: Juan Zunzunegui, Alberto Gonzalez, Fernando Rua, Jon Salsamendi, Oscar Viudez, Jaime Rios, Francisco Montes, Mauricio Monteserin, Luis Pazos, Mikel Arostegi, Raul Garcia, Israel Bolado eta Jose Angel Vazquez, Cristian Garma patroi zutela. Entrenatzailea Jose Manuel Francisco da.

Meirari dagokionez, erakutsitako profesionaltasunagatik eskerrak ematea besterik ez da geratzen. Galiziarrak gogoz iritsi ziren TKE Ligara, baina itsaso txarrarekin asko sufritu dute.

Orio eta Hondarribia, puntu bakarrean

Igoera kanporaketaren ostean, San Miguel Ligako zortzi traineru onenek Bermeoko Ikurrina jokatu zuten eta irabazlea, ohiturari jarraituz, Castro izan zen. «La Marinera« ontziak ligako hamabigarren bandera irabazi zuen eta Astillerok 2005ean ezarritako marka berdintzea lortu zuen. Kontuan izan behar da, gainera, urte hartan estropada gehiagok osatzen zutela denboraldia.

Estropadak aurten hainbat aldiz ikusi dugun gidoi berdinari jarraitu zion. Aurreneko luzean Orio eta Hondarribia izan ziren aurretik atera zirenak, baina bigarren luzearen amaierarako, Castro oriotarren parea-parean zegoen. Eta, nola ez, azken bi luzeetan kantabriarrek euren legea ezarri zuten. Orio bigarren izan zen sei segundora eta Hondarribia hirugarren hamabira. Emaitza horiei esker, Hondarribia eta Orioren artean puntu bakarreko aldea dago sailkapen nagusian eta gaur erabakiko da hirugarren postua.

Beste txandan, Pedreña izan zen azkarrena Urdaibairekin azken txanpa polita jokatu eta gero. Etxekoen txopan Lur Uribarren gaztea joan zen. Kaiku eta Zarautz gaizki ibili ziren.A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo