GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Betiko Biarritz berriro ere hasi da zelaietan agertzen

Courrentek egin zituen lapurtarren puntu guztiak, denak ostikoen bidez.

p046_f01_52211.jpg

BRIVE 12

BIARRITZ 15

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek lan asko eginda lortu zuen garaipena atzo Briveren zelaian. Lapurtarrak indartsu daude, eta azken hiru partidak jarraian irabazi dituzte, eta horrek beren buruarekin konfiantza hartzeko balioko die.

Aspaldian ez bezalako Biarritz ari gara ikusten. Partida zailetan burua ateratzen du, eta joko ikusgarria egin ez arren, garaipena lortzeko gai da. Horixe egin zuen pasa den astean Avironen aurka, eta atzo ere gauza bera egin zuen.

Norgehiagoka estua izan zen, eta horrelakoetan tentuz ibili behar izaten da. Atzelariek sekulako lana egin zuten, baina aurrelariek ere bai, presioa goian egiten baitzuten. Saiatu zen baloia hegaletara jokatzen, baina atzo zaila zen entseguren bat egiten, eta ez etxekoek, ez Biarritzek ezin izan zuten entsegurik batu, eta amaieran, horrelakoetan, ostikoek erabakitzen dute, eta atzo horixe gertatu zen.

Courrent izan zen partidako protagonista nagusia, berak lortu baitzituen neurketako puntu guztiak, eta denak ostikoen bidez heldu ziren, hiru zigor-kolpe eta drop bat gauzatu baitzituen lapurtarrak.

Gaur, berriz, 17.00etatik aurrera Avironek Montpellier hartuko du. Neurketa hau herenegun gauean zen jokatzekoa, baina Baionan izandako euriteak medio, partida gaur arratsaldera atzeratu behar izan zuten. Zuri-urdinek puntuak behar dituzte, nahi duten lekuan kokatu nahi baldin badute taldea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo