GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Adiorik ez, hurren arte!

Markel IRIZAR | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

Vuelta honetako azken eguna iritsi da, eta 3.250 kilometro egin, 6 kilo pasta jan eta batek daki zenbat litro ur edan eta gero, iritsi gara Madril aldera. Holandan hartu genuen tren hark, Madrilera ekarri gaitu, geltokiz geltoki, baina gure bidaia hemen bukatzen da, eta trenetik maleta jaitsi, eta tren geltokian itxaroten ditudan emaztea eta semearekin banoa pozik etxe aldera.

Lehenik eta behin, 21 egun luze hauetan lagun izan ditugun irakurleen fideltasuna eskertu nahi dut. Nahikoa txapa jasan duzue, eta zuei eman nahi dizkizuet eskerrik beroenak. Baita GARA egunkariari ere. Tarteka, zutabea garaiz bidaltzeko estu eta larri ibili garen arren, deskonektatu eta lasaitzeko oso esperientzia polita izan da, eta espero dugu etorkizunean ere berriz aukera hau izatea. Hori bai, partida berriz ere binaka bada, atzelari astunak Txurru arina aukeratuko luke aurreko koadroetarako, pilota baten teilatutik bestera bidaltzeko.

Vuelta hau hasi nuenean, bi helbururekin hasi nuen. Erlojupeko onak egin, eta Samuri ahalik eta gehien laguntzea, podium edo garaipenaren bila. Balantzeak egiteko ordua da, eta erlojupekoetan pixka bat hobeto egotea espero nuela aitortu behar dut. Samuri dagokionez, ahal dudan guztia egin dut; lider sendo bat duzunean, norberaren luzimenduak alde batera geratzen dira, baina merezi izan du. Ezin izan dugu itzulia irabazi, baina egindakoak fruituak eman ditu. Pena apur bat badaukat, Talaverako etapan, azken kilometroan, pelotoiak harrapatu izana. Garaipena ez zen erraza izango, baina taldeari eskerrak emateko erarik onena izango zela pentsatzeak, pena hori areagotu egiten dit. Beste alde batetik, Samuren bigarren posturarekin pozik egoteko moduan gaude. Talde osoak gogor egin du lan, eta postu hori talde guztiarentzat sari bat da.

Eta amaitzen joateko, orain arte muzin egin diodan gai bati helduko diot: talde aldaketa. Seguruenik, zuetariko askok jakingo duzue hurrengo bi denboraldietan Lance Armstrong-en Radio Shack taldean korrituko dudala. Orain arte horri buruz ez badut ezer idatzi, Vueltan buru-belarri pentsatu, eta gure bidetik ez irteteko izan da. Aloña Mendin hasi eta honaino iristera lagundu didaten entrenatzaile eta lagunei eskerrak eman nahi dizkiet. Eta batez ere, Euskaltel-Euskadin egon naizen 6 urte hauetan, izan ditudan taldekide, laguntzaile eta batez ere, profesionaletara jauzia emateko nigan konfiantza izan zuen Migel Madariagari, guztiei eskerrak bihotzez. Baina ziurrenik konturatu zarete ez ditudala denak eskertu, horregatik zuei, zaleoi, gauza bat aitortu nahi dizuet. Hurrengo denboraldietan ez dut laranja koloreko maillota eramango, ezta «Euskadi» hitza eramango ere bular, bizkar era izterretan, baina bai «Euskadi» esanahia, bai euskal zalegoa, nirekin joango da, gorputzeko beste atal batzuetan. Nire pentsamendua «kursi» xamarra gelditzen den arren, bularraren ezkerraldean dagoen makinatxoan eramango zaituztet, eta egia bada monjea ez duela abituak egiten, neuri ere ez dit beste abitu batek izaera aldatuko. Talde amerikar batean egon arren, nirekin eramango zaituztet, eta zuri, benetan sakrifikatu eta saiatzeko animoak ematen dituzun horri, eskerrak eman nahi dizkizut. Besterik gabe, agurrak gogoko ez ditudanez (azkenaldian dramatiko-sentimental jartzen naiz!) «gero arte» bat bidaltzen dizuet. Eta orain 15 urte, nerabea izanik udalekuak bukatu eta etxera joateko eguna iristen zeneko sentimendu kontraesanak ditut: batetik etxera bueltatu eta lagunak eta familia ikustea, eta bestetik, egun hauetan bizi izandako esperientziak bukaera izango duela. Sentimendu hau dudalarik, orduan, agurtzeko erabiltzen genuen abesti baten letrarekin uzten zaituztet: «Zergatik galdu itxaropena berriz ikusteko, zergatik galdu itxaropena berriz elkartzeko. Bakarrik gero arte, bakarrik agur bat, oso laster sutondoan elkartuko gara».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo