GARA > Idatzia > Mundua

Etorkinez betetako txalupa bat, tartean haurdunak eta umeak, urperatu da Perejilen

Etorkinak zeramatzan ontzi bat hondoratu zen atzo Perejil irlaren inguruan. Ez dago argi zenbat ziren, baina salbamendu taldeek zortzi gorpu aurkitu zituzten. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, hiru ume zihoazen eta hildakoen artean bi emakume haurdun daude.

GARA

Beste behin ere, etorkinak zeramatzan ontzi pneumatiko bat hondoratu da, oraingoan Perejil irlatik gertu. Ez dago argi zenbat zihoazen ontzian. Gobernu espainolak Ceutan duen ordezkaritzak kopuru zehatzik eman ez zuen arren, Tarifako Gurutze Gorriak txalupan 60 etorkin, gehienak senegaldarrak eta nigeriarrak, joan zitezkeela plazaratu zuen. Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak azaldu zuenez, hiru umetxo eta haurdun zeuden hainbat emakume zeuden tartean.

Ceutako salbamendu taldeek eta Guardia Zibilak hamaika gorpu berreskuratu zituzten, horietatik zazpi emakumezkoenak. Etorkinekin lan egiten duen Beni Znaffen erakundeko presidenteak, Hichman Barakak, hildakoen artean bi haurdun zeudela ohartarazi zuen. Soilik lau emakume eta zazpi gizonezko atera ziren bizirik.

Marokoko jendarmeriak esan zuenez, 42 lagun zihoazen Benyounech herritik abiatutako txalupan. Goizeko bostak aldera hasi omen zen hondoratzen Marokoko ur eremuan. Itsas Salbamendu espainolak jakinarazi zuenez, zerbaitekin talka egin izanaren zantzuak zituen zodiak horrek. Etorkinek beraiek eskuko telefono batez hots egin zieten larrialdietako zerbitzuei laguntza eskatuz. Guardia Zibilaren helikoptero batek 9.20ak aldera aurkitu zuen urperatzear zegoen txalupa. Bizirik atera zirenak, baita hildakoen gorpuak ere, Marokoko Errege-Marinaren esku utzi zituzten. Ondoren, Tangerrera eraman zituzten.

Urtarriletik hona, 30 etorkin hil dira Andaluziako kostaldera iritsi nahian. Tarte horretan, 2.538k lortu dute Cadiz, Granada, Malaga eta Almeriara iristea. Atzo hondoratutako txaluparen helmuga Cadizeko kostaldea zen. Irailean zehar 283 etorkin ailegatu dira Andaluziara, horietatik 96 Granadara.

ATXiloketak

Marokoko Poliziak 52 etorkin atxilotu zituen Bujdur herritik gertu. Antza, eskuz egindako txalupa batean Kanariar irletara iritsi nahi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo