«Hizkuntzekiko garai erabakigarri batean gaude gaur egun Estatu frantsesean»
Clermont-Ferrant eta Baionako unibertsitateetan Zuzenbide irakasle, Jean-Pierre Massias gatazken konponbidean aditua da. «Hizkuntz gutxituen karta izenpetzetik 2008an Konstituzioa berrikustera: influentzia edo konbergentzia» gaiari buruz Baionan izaten ari den mahai-inguruaren antolatzailea da.
Ainize BUTRON |
Hizkuntza gutxituei buruzko mahai-ingurua egiten ari da Baionan, asteazkenean hasi eta gaur arte. Estatu frantsesak duen jarrera aztertzearekin batera, Europar Batasunean finkaturiko karta eta hizkuntz aniztasuna gaiak jorratzen aritu dira. Hizkuntza gutxituen arloan Estatu frantsesa lege bat finkatzekotan den une horretan, horren gaineko argibideak ematea du helburu solasaldiak.
Zergatik erabaki duzue horrelako mahai-ingurua antolatzea?
Estatu frantsesean garai erabakigarri batean gaude gaur egun. Konstituzioaren berraztertzea izan da 2008an, eta 2009rako hizkuntzen praktikei buruzko legea kaleratuko dela diote. Egoera horren aitzinean, solasaldi honen bidez esperientzia ezberdinak bildu nahi ditugu, eta hizkuntzen estatus bat finkatzeko orduan ideiak bultzatzeko baliagarri izatea. Hizkuntza gutxituen gaiak Estatu frantsesaren oinarriak ukitzen ditu: deszentralizazioaren legea, nazioaren definizioa -gaur egun Errepublika 1789. urtean bezala definitzen ahal da?-. Solasaldiaren bidez nahi genituzke galdera horiek guztiak mahai gainean jarri. Zer izan daiteke hizkuntz anitzeko Frantzia bat?
Estatu frantsesak hizkuntzekiko duen jarrera behin baino gehiagotan salatua izan da. Baina, ez berretsi arren lege bat finkatzekotan dago....
Jarrera horrek arazoak sortzen dizkio. Frantses estatua bi hormaren artean harrapatuta dago. Alde batetik, tradizio jakobino azkar bat dauka, eta, bestalde, eskualdeetan nortasun azkarrak ditu. Eskualdeak Europako errealitatean oso barnatuak dira. Egoera horrek kontraesanak sortzen ditu Estatuaren jarreran. Ofizialki hizkuntza gutxituak ezeztatzen ditu, baina legeak finkatzen ditu. Estatu frantsesean hizkuntzen gaia aipatzen delarik tentsio azkar bat dagoela argi ikusten da. Europari begira ere kontraesan batean dago Estatu frantsesa. Herri gehienek karta berretsi dute, eta egin ez badute ere hizkuntzei begira abiatu dituzten urratsak kartan aipatuak direnak baino harantzago doaz askotan. Eta Lisboako Itunean hizkuntz gutxituak kontuan hartuak dira.
Zure ustez zer-nolakoa izango da legea?
Zaila da esatea. Legea finkatzeko ardura zeukan ministerioko burua aldatu da. Aukerak anitzak dira. Orain arte eskualdeetan abiatuak izan diren ekintzak lege batean biltzea erabaki dezakete: seinaleztapena eta irakaskuntza, esaterako, bi hizkuntzetan ematea... Legean urrunago joatea aukeratu dezakete, bestalde. Baina, finkatu aurretik hainbat galdera pausatu behar dira. Lurralde kolektibitateek horren konpetentzia hartzen balute, lege bat sortu beharko dute boterea emateko. Baina, eskualde guztiek ez dituzte hizkuntz errealitate berdinak. Behar al da eredu bakar batean bermaturiko lege bat? Legeak ere baditu bere mugak. Nire irudiko, statu quo bat sortzearen bidea hartuko dute.