Durangoko Azokara begira, diskoetxe eta musika taldeek bero-bero dituzte labeak
Abenduaren lehen egunetan izango den Durangoko Liburu eta Disko Azokarako bi hilabete soilik falta diren honetan, fabrikan dira 2009ko amaieran argitaratuko diren musika sorkuntza gehienak. Diskoetxeak jasaten ari diren krisia gaindituz, beste urte batez dozenaka izango dira plazaratuko diren lanak. Hauetako asko, ohiko diskoetxeetatik at, autoekoizpenaren bidez aterako dira, egun, musika industriak izan duen iraultzaren lekuko argiena bilakatuz.
Koldo OTAMENDI |
Abenduaren 4tik 8ra bitartean izango da Euskal Liburu eta Disko Azokaren 44. edizioa Durangoko Landako gunean. Diskoetxeak, musika taldeak, grabazio estudioak, banatzaileak, eta orokorrean, musika industria osatzen duten eragile guztiak buru-belarri ari dira bi hilabete barru Azokan salgai jarriko dituzten ekoizpenei azken ukituak ematen. Durangoko Azoka huts egin ezineko hitzordua da diskoetxe eta musikazaleentzako. Milaka lagun batzen dituen ekimenak, erosle mordoa erakartzen du nobedade berrien bila, eta musika taldeentzako erakusleiho ederra bilatzen da, diskoen salmentak ere oparoak izateaz gain. Aurtengorako ere, labean dira erakusmahaiak beteko dituzten ekoizpenak.
Azoka elikatzen duten diskoetxe nagusien artean dago Elkar, eta hamar lanetik goiti kaleratuko ditu azaroan eta urrian. Garik bere musika ibilbideari errepasoa egingo dio «16 Lore» izeneko diskoan, eta bertan hainbat moldaketa jasoko ditu, tartean Hertzainak edo bakarkako bidean eginiko kantuen irakurketa berriak. Argitaletxe honek plazaratuko dituen beste ekoizpenen artean, Ruper Ordorikaren «Haizea Garizumakoa», Betagarriren «Bizitzari txistuka», eta Jexusmai Lopategi, Xabi Aburruza trikitilaria, Jean Mixel Bedaxagar edota Lain-en lanak izango dira. Pantxika Solorzanoren «Bilintx» diskoak ere ikusiko du argia, etxeko txikiei bideraturiko hogei haur kanta batuko dituen lana.
Baga-Biga Musika Ideiak diskoetxeak berriz, beste lau lan gehituko dizkio urte osoan zehar plazaratu dituen zortzi diskoei. Etxe bakarlariaren iraupen luzeko bigarren diskoa, The Uski's bizkaitarren «Katuek bezala», eta Mikel Urdangarinen bederatzigarren lana esaterako. Gainera, Des-Kontrol taldearen estudioko azken diskoa ere aurkeztuko dute abenduan, «Aurrera begira» izena eramango duen bigarren lana.
Nobedade ugari
Gaztelupeko Hotsak zigilu gipuzkoarrak 2009an ere disko andana kaleratu du. Azpi-zigiluen bidez, ugariak dira ukitzen dituen musika era eta estiloak. Durangoko Azokara begira, UEK hirukoaren hirugarren disko luzea iragarri dute, baita Kemen Lertxundi, Jimmy Harrabit Trio, rocka eta hardcorea batzen dituen Norman laukoaren lehena ere, eta horiez gain, Flakutt proposamenaren txalaparta elektronikoa eta Bide Ertzean taldearen zuzeneko DVD-CDa, besteak beste. Blody Hotsak azpi-zigiluan berriz, iraila amaitu baino lehen The Dirty Pink Ladies taldearen lehen diskoa aterako da, «Sunrise Orchestra» estreinako lana.
Azken urteetan GOR diskoetxeak, diskoak argitaratzeari baino, diskoen banaketari ekin dio bereziki. Lehengo urteetan, ugariak ziren abenduko hitzordurako argitaratzen zituen lanak; aurten, ordea, bi disko soilik aterako ditu diskoetxe nafarrak: batetik, Lendakaris Muertos taldearen zuzeneko diskoa; eta bestetik, Memo taldearen lehen lana. Hein horretan, Durangoko Azokan txokorik izango ez duten diskoetxe txiki eta autoekoizpen ugari bilduko ditu GOR zigiluak bere erakusmahaian. Hala nola, Bonberenea Ekintzak zigiluaren ekoizpenak, (Desordutan, R, Eneko Barberenaren disko-liburua) Psilocybe elkartearenak (Lines, Izenikez...), Ortots Burdin Hotsak (Elbeteh, Mendeku Itxua...) edota Kerobia eta Malenkoniaren disko berriak topatu ahalko dira diskoetxe nafarraren mahaian.
Durangoko Azokan lehenengoz erakusmahaia izango duen BideHuts plataformak berriz Anariren «Izan irla» diskoa eta Inoreneroni taldearen «Fosbury» binilozko lana izango ditu nobedade nagusi. Bi disko hauek Garate estudioetan grabatuak izan dira Karlos Osinagaren gidaritzapean.
MusikHerria herri diskoetxeak ere disko ugari aterako ditu aurtengo Azokarako. Aipatzekoen artean, kolektiboko hamar musika talde eta bakarlarik saharar herriarekiko elkartasunez buruturiko konpilazioa izango da. Durangora eramango dituzte, era berean, Kasu! talde nafarraren «2», Anger taldearen bigarren lan luzea, Zein da Zein? edota Odolaz Blai taldeen diskoak. Gainera, Kloratita, Izate Faltsua, Apurka eta Feos Pero Majos taldeetan ibilitako musikarien Siroka pop-rock taldearen estreinako diskoa ere bai. MusikHerria diskoetxearen azken lanak Azokan ez ezik, Sapuetxe gaztetxeko azoka alternatiboan ere eskuratu ahal izango ditu nahi duenak.
Euskal Herriko diskoetxeez gain, euskal taldeak eurak ere badira lanak kaleratuko dituztenak. Duela gutxi aurkeztu du Berri Txarrak taldeak «Payola» diskoa, (Roadrunner), eta aste gutxi barru ikusiko dute argia SextySexers taldearen «Hero Mantra» (Volcom Entertainment), Cordura «El incendio mas grande del mundo» eta (Fragment Music), Javier Muguruzaren «Taxirik ez» (Resistencia) lanek.
Autoekoizpenek gora egin dute azken urteotan. Talde hasiberrien lehen diskoak ez ezik, sona handiko musika taldeak ere hasiak dira euren lanak auto-ekoizten. Ken Zazpi-k esaterako, zigilu propioa sortu du, Argiak izenekoa, eta Donostiako Victoria Eugenia antzokian zuzenean grabaturiko diskoa kaleratuko du: «Ken Zazpi urte». Su ta Gar-ek ere bere zigiluan kaleratuko du hogei urteko kontzertu ibilbidea jasotzen duen disko-DVDa. Autoekoizpenaren bidea hartu dute Arrasateko Gose-koek ere, urriaren erdialdean kaleratzekoa den «Gose 3» diskoa euren kabuz argitaratuta.
Alta, oraindik badira grabaketa prozesuan dabiltzan hainbat talde. Garate Studioetan Pirritx eta Porrotx pailazoen lana grabatzen ari dira egunotan, eta Keike taldeko errautsetatik sorturiko Xarma tere estudioko lanetan ari da egunotan Bonberenean. Surfin Kaos, berriz, Le Bukowski tabernan egokitu duen estudio txikian gitarrak grabatzen ari da oraindik. Azken bi disko hauek Azokaren harira ikusiko dute argia, oraindik aurreratzerik ez badago ere zein diskoetxe arduratuko den lanok kaleratzeaz. Nolanahi ere, gehiago badira.
CD formatua azaldu baino lehen, biniloa izan ohi zen lanak kaleratzeko molde nagusia. Binilo formatuak bereizten zituen talde esanguratsuak eta sortzaile berriak, talde maketeroen eta diskoetxeek argitaratzen zituzten taldeen arteko aldea ezarriz. Formatu berriek ezarritako muga hori gainditu egin dute.
Musika industriak azken urte hauetan izan duen iraultzak Euskal Herrian ere izan du isla, eta diskoen ekoizpenean ere nabaritu dira ondorioak. Zenbait diskoetxe garrantzitsuk ateak itxi izanak, edota hainbat talde esanguratsuk zigilu propioak sortzeko erabaki izanak, bide berriak urratzera eraman ditu musikariak. Autoekoizpena betidanik izan da musika talde askok hartu izan duten bidea: batzuek erabaki irmoz, musika industriaren atzaparretatik at bizi eta aurrera egiterik badagoela ozenki aldarrikatuz. Beste asko, ordea, halabeharrez, diskoetxeen kontraturik ezean, azken aukera bezala. Hauetako askok gainera, Creative Commons edo Copyleft lizentziaz argitaratzen dituzte euren lanak, SGAE bezalako bitartekariei muzin eginez. K.O.