Ritxi AIZPURU I Musika argitaratzailea
Musikaren zirikatzailetasuna
Zinismoak ez du sekula goia joko. Boterearen zio nagusia menperatzea da, eta horretarako arauekin betetzen dute gure bizitza. Arauetatik esperientzia egin dute. Arauak eta legeak beraiena babesteko. Justizia ezin da lortu ezta atera ere inongo legepetik. Bat-batean naturarekin bat datorren ekintza, edota bidezkoa den ekintza ezin da definitu dogma baten oinarritik. Legeak zutaz espero duen gauza bakarra zure hanka-sartzea da, edo zuk araua urratzea. Beraien justiziak, orduan, eta beti, segituko du zure gainean mailukatzen, zapaltzen. Boterearen justizia, diruaren justizia... justiziaren kiratsa. Justizia, ordea, beti martxan. Musikak, bere porrotak eta guzti, maiz balio du arestian esandakoak azaleratzeko. Musika bere oinarrian, sarri bihurtzen da deseroso boterearentzat, baita musikaren industriaren boterearentzat ere. Musika gogaikarri gerta dakioke hainbatetan lerdea darion industriari. Zurrunbiloaren erdian, pasioaren logikan, desioaren ukapenean, ordenaren antolakuntzan, kultura degeneratiboen garaian, zibilizazioaren boterean, kontrolaren oinarrietan eta geroaldi sintetikoaren nostalgia nahietan askatzen dira moralitate eta etika menperatzaileen aurkako ekimenak. Horiek kaosak dira. Tokirik gabeko tokiak, egunerokotasunaren babes ederrean jarduera irudimentsua ematen diote bizitzari, eta bertan sortzen da kaosa eta arriskuarekin batera sortzeko aukera dator eta dakar. Kaosetik bizitza horizontalagoa datorkigu. Kaotikotasunetik bultzatzen den jarrera honela labur daiteke: bila ezazu zeure bizitza, eta ez bizitzeko era. Bila ezazu zeure musika, egin ezazu zeure musika, bizi musika zirikatzailearekin.
Irizpideak, balorazioak, jokabideak, jarrerak eta antzekoak botatzen ditugunean helburu desberdinekin egin dezakegu. Arazoei aurre egiteko eta horiei irteera emateko, ordea, ezinbestekoa da egiaren indarrean oinarritzea, derrigorrez. Aipatu egiaren indarra soil-soilik egian bertan datza. Esandako horrek agian erabateko pleonasmoa eman dezake, baina zalantza bera ekiditeko bidea ere izan daiteke, jakin badakigulako gure gizartean egiak ez dituela lagun gehiegi; hots, ez duela egia lagun askok aintzat hartzen. Honekin guztiarekin ez dugu lar esaten, baina egiarekin jokatzeko ekimena behar da. Premiazkoena, beraz, egiaren ekimena ez isiltzea litzateke. Isiltasunaren boterea txikitzen ahalegindu behar da, eta bitarteko oro bikaina da. Egia edonon has daiteke. Hemen bertan, eta ez da izan behar horren beldur. Egia, bada, egian bertan hasten da. Hementxe. Musikak bere egiak xuxurlatzen dizkigu. Norberak bilatu behar du musikaren egia, musikaren zirikatzailetasuna.