GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

NBEren Segurtasun Kontseilu ezohikoa

Historikotzat jo dute zenbaitek atzo NBEren Segurtasun Kontseiluak egin zuen bilera. Baina goizegi da halakotzat jotzeko, nonbait; hala ere, ukaezina da berezia izan zela eta ez da zaila onarpen horretan Barack Obamaren bultzada antzematea. Bosgarren aldia da Segurtasun Kontseiluak bere kideetako estatuburuak bildu dituena, eta lehenbizikoa Ameriketako Estatu Batuetako presidentea buru izan duena. Denborak esango du historikoa izan den ala ez, baina irudi aldetik behinik behin desarme nuklearraren auziari benaz eusteko jarrera agertu zuten. Segurtasun Kontseiluko kideek aho batez onartu zuten ebazpena, baina gogorarazi beharrekoa da lehendik Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeko Ituna bazegoen ere, potentzia nuklearrek ez dituztela bete izan hainbat konpromiso, gainerako herrialdeei arma nuklearrak izatea eragozteaz landa. Iranen kasuan, esaterako, erabilera baketsutik haragoko erabilera egiteko asmoa duen frogarik ez dute. Jarrera aldaketa iragarrita dago, eta ez zaio daukan garrantzia kendu behar; nolanahi ere, helburu txalogarri bezain asmo handikoa da, eta aldarrikapenari bide egiteak jarraitu behar dio. Obamak esan zuenez, erakutsi beharra dago Nazioarteko Zuzenbidea ez dela promes hutsa, eta hori ez da erronka txikia. Norabide horretan urratsak egiten hasiko balira, balegoke atzoko bilera historikotzat jotzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo