GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekitaldiz beteriko sei guneko zirkuitua izango du Donostiako Kilometroak-ek

Zurriola Ikastolak eta Barandiaran Lizeoak bat eginez hezkuntza eskaintza zabaltzeko finantziazioa lortzea izango da aurtengo Kilometroak jaiaren helburu nagusia. Urriaren 4an Donostian arituko dira, esaterako, Betagarri, Esne Beltza, Mendeku Itxua eta Anje Duhalde.

p013_f03.jpg

Janire ARRONDO |

Gipuzkoar ikastolen jairako hamar egun besterik falta ez direnean, antolatzaileek atzo aurkeztu zuten, Añorgako Ikastolen Etxean, aurtengo jaiak izango duen ibilbidea eta egitaraua. Hain zuzen ere, Donostiako Zurriola Ikastolak bere gain du aurtengo Kilometroak 2009 antolatzeko ardura, eta dagoeneko, guztia prest dute urriaren 4an «Hirekin mundura» lelopean ospatuko den jairako. Hamalau urteren ondoren, berriro Donostian izango da gipuzkoar ikastolen jaia eta, oraingoan, Gros eta Ategorrieta artean kokatuko da.

«Denetariko ekitaldiak»

Iazko Kilometroak egina zenerako, hasiak ziren Zurriola Ikastolakoak aurtengo jaia prestatzen. Kilometroak 2009ko koordinatzaile Josebe Muguruzaren hitzetan, «urte luzea izan da eta lan asko egin behar izan dugu». Eta lan horren guztiaren ondorio izango da urriaren lehen iganderako prestatu duten jaia.

Musika kontzertuak, ikuskizunak eta mota guztietako emanaldiak izango dira Kilometroak egunean. Muguruzak jakitera eman zuenez, «gustu guztietarako ekitaldiak izango dira, mariachietatik rock kontzertuetaraino».

Gainera, aurtengo egitarauan ere garrantzi berezia hartuko dute musika kontzertuek. Hala, bertan izango dira, esaterako, Betagarri, Esne Beltza, Mendeku Itxua, Anje Duhalde, Akelarre, Zeren Zai, Xarma, Kauta, Asgarth, Ze Esatek, Jalisko Band, Xikinkei, Trikizio, Naixan zein Xabi San Sebastian.

Gainera, gune bakoitzean antolaturiko ekitaldiez gain, talde ugari arituko dira kaleak animatzen. Alkarkide eta Incansables txarangak, Triskele, Kantu Jira zein Zpeiz Mukaki taldeak, adibidez.

Bestalde, Kilometroak jaiaren koordinatzaile Igor Elortzak azaldu zuenez, antolatzaileek garrantzi berezia eman nahi izan diote eguerdian, 12.30ean, Mikel Laboari eskainiko dioten omenaldiari. «Keinutxo bat egin nahi izan diogu Laboari, Kilometroak egunean handi bilakatuko dena», azaldu zuen Muguruzak. Izan ere, gune guztietan aldi berean «Txoriak txori» abesti ezaguna jarriko dute megafoniatik, ibilbideko edozein puntutan dauden guztiek batera abes dezaten.

Ibilbideari dagokionez, bestetik, Muguruzaren hitzetan «erabat urbanoa» izango da. Sei kilometro pasatxo izango ditu eta zirkuituan zehar sei gune eratuko dira. Zurriola Ikastolan kokatuko da lehen gunea, eta bertan zabalduko dute zirkuitua, goizeko 9.30ean. Gainerako guneetarako, Kotxerak, Uliako haztegiak, Manteo, Sagues eta Kursaal aukeratu dituzte.

Bestalde, Garbera inguruan autoentzako aparkalekua prestatu duten arren, deialdi berezia egin zuten antolatzaileek Donostiara trenez edo autobusez inguratzeko.

Proiektu berria helburu

Atzoko agerraldian Zurriola Ikastolako lehendakari Joxe Mari Eizmendik azaldu zuenez, «aurtengo Kilometroak jaiaren helburu nagusia esku artean dugun proiektu berri bat gizarteratzea eta horretarako finantziazioa lortzea izango da». Hain zuzen ere, Zurriola Ikastola eta Barandiaran Lizeoa Gros auzoan uztartzeko egitasmo finkoa dute. Barandiaran Lizeoa 1974an sortu zen, beste hainbat ikastetxeetako hezkuntza planei jarraipena emateko asmoz.

Ikastetxe bakoitzak bere ibilbidea eginez hainbat urte eman ondoren, 2002an, Zurriola Ikastola eta Barandiaran Lizeoa gogoeta prozesu bat abian jartzeko elkartu ziren. Lan horren ondorioa izan zen bakoitzaren premia eta beharrei erantzuten zien proiektu komun bat diseinatzea.

Horren arabera, «bi ikastolek bat egingo dute Barandiaran Lizeoaren zerbitzuak Grosera eramanez, eta hezkuntza eskaintza handitu eta sendotuz» azaldu zuen Eizmendik.

kontzertuak

Betagarri, Esne Beltza, Mendeku Itxua, Anje Duhalde, Akelarre, Zeren Zai, Xarma, Kauta, Asgarth, Ze Esatek, Jalisko Band, Xikinkei, Trikizio, Naixan edo Xabi San Sebastianek joko dute, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo