GARA > Idatzia > Mundua

Roberto Michelettik ez duela inolako elkarrizketarik nahi salatu du Zelayak

Brasilgo enbaxadan babestuta, bertatik ez dela mugituko eta estatu-kolpeak eragin zuen egoerari irtenbidea eman arte borrokatzen jarraituko duela berretsi zuen Manuel Zelaya presidente hautetsiak. Gobernutik kanporatu zutenak agintean dauden bitartean ez dela herrialdean bakerik egongo nabarmendu zuen. «Terroristekin ezin da hitz egin», gaineratu zuen Roberto Michelettiri buruz. Honek ez duela inolako elkarrizketarik nahi salatu zuen.

p017_f02_147x103.jpg

GARA |

«Diktadura militar baten aurrean, belauniko bizi baino, nahiago dut zutik borrokatu», nabarmendu zuen Manuel Zelayak, Brasilek Tegucigalpan duen enbaxadan babestuta. «Ez naiz hemendik mugituko eta nire herrialdea pairatzen ari den egoera konpondu arte etenik gabe borrokatzen jarraituko dut», gaineratu zuen.

«Herriak aukeratu zuen presidentea naiz eta herrialde batean ezin dira bi presidente egon, bakarra baizik. Herriaren eta nazioarteko komunitatearen babesa dut, beraz, nire betebeharrak betetzen ari naiz. Diktadura militar honek ez dit herritarrek eman zidaten agindua betetzen uzten», plazaratu zuen kazetariei eginiko adierazpenetan.

Enbaxadan daudenen kontra Roberto Michelettiren gobernu kolpista egiten ari den ekintzak salatu zituen beste behin. «Deiak moztu eta komunikazioa eragozten digute. Elikagaiak ere murriztu dizkigute. Nazio Batuen bitartez, jakiak sartzea lortu dugu, baina eraikina poliziaz inguratuta dago. Jendeari ez diote guregana hurbiltzen uzten», azaldu zuen.

Kaleetan bizi den giroaz galdetuta, asteazkenean Poliziarekin izandako istiluetan gutxienez lau pertsona hil zirela salatu zuen. Poliziak hildako bakarra aitortu zuen. «Datu horiek nahita ezkutatzen dituzte, estatu-kolpearen egunean ehundik gora hildako eta desagertu egon zirela bezalaxe», adierazi zuen.

Enbaxadan sartuko ote diren beldur dela ohartarazi zuen: «Gu hiltzeko mertzenario taldeak hemen sartzeko arriskua dago. Nire buruaz beste egin izan banu bezala aurkeztuko lukete nire heriotza».

«Hemen ez dago nire jarraitzailerik. Hemen daudenak demokraziaren, bakearen eta elkarrizketaren alde daude. Ni herriaren zerbitzari hutsa naiz», argitu zuen.

Telesur telebista katearen arabera, asteazken gauean Michelettiren ordezkari bat Zelayarekin mintzatu zen. Elkarrizketa ez zen ofiziala izan, eta, antza, ez zuen askorako balio izan, Zelaya berak adierazi zuenez.

«Bakearen aldeko deia egin dugu hasieratik, baina estatu-kolpea eman zutenek boterean jarraitzen duten bitartean ez da bakerik izango. Nik ez diot sekula bizkarrik eman beste hauteskunde batzuk egiteari. Hauteskunde prozesu bat gehien sostengatzen duena naiz. Gezur borobila da nire burua berriro aurkeztu nahi nuela, hori beraiek botatako gezurra da, beraiek baitira elkarrizketarik nahi ez dutenak. Elkarrizketa bat egon dadin ez da aurrez baldintzarik ezarri behar».

Micheletti ez zen isilik gelditu. Argi utzi zuen Zelayari ez diola libre zirkulatzeko baimenik emango, baina hura hiltzeko asmorik izatea ukatu zuen. Beraren hitzetan, «ez Gobernu honek, ez aurretik izandakoek ez dute inor akabatu. Gu ez gaude gauza horietara ohituta». Brasilgo enbaxadari ez diotela erasorik egingo gaineratu, eta argindarra eten izana ere ukatu zuen.

Beraren aburuz, konponbidea azaroaren 29an hauteskundeak egitea da. «Hori da gure helburua. Kanpaina egitea eragozten ari direnak Zelayaren jarraitzaileak dira».

Bitartean, kalean, jendea elikagaiak erosten zebilen, etxetik ez ateratzeko agindua tarte batez indarrean ez zegoela-eta.

UNASUR

Unasurrek -Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Ekuador, Guyana, Paraguai, Surinam, Uruguai eta Venezuelak osatuta- Zelayaren itzulera exijitu zuen. Era berean, egoeraren larritasunaz ohartarazi zuen.

enbaxadoreak

Hego Amerikako Nazioen Erakundeak eta Europar Batasunak jakinarazi zuten enbaxadoreak atzera Hondurasera bidaliko dituztela. NBEren bileran, irtenbidea bilatzea premiazkoa dela esatean bat etorri ziren Latinoamerikako presidenteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo