Aldamio batetik erorita, 44 urteko langile bat hil da eta beste batek zauriak izan ditu
Derioko obra batean aldamiotik erorita 44 urteko langile bat hil zen atzo. Istripu berean beste bat zauritu zen eta Gurutzeta ospitalera eraman zuten. Lan istripuok salatzeko, elkarretaratzeak izango dira gaur.
GARA |
Derioko Unbe kalean Kultur Etxe berria eraikitzeko obretan lanean ari zen 44 urteko langile bat hil zen atzo, zazpi metroko aldamio batetik erori ostean. Berarekin istripua izandako beste langile batek zauriak izan zituen, eta Barakaldoko Gurutzeta ospitalera eraman zuten. Atzokoaren ostean, badira dagoeneko 65 langile aurten Euskal Herrian lan istripuetan hildakoak.
Osalanek emandako datuen arabera, istripua arratsaldeko ordu batean gertatu zen, eroritako bi langileak zazpi metroko zutabe batean betoia botatzen ari zirenean. Une horretan, zutabean lan egiteko erabiltzen ari ziren enkofratu piezak buelta eman eta aldamioa kolpatu zuen, eta horren ondorioz, bi langileak erori egin ziren. Horietako bat, lurraren kontra jo ostean, bertan hil zen, eta bestea zauritu egin zen.
Hildako langileak Portugaleko Ergolivre Construcciones enpresarentzat lan egiten zuen, eta obraren ardura Jose Antonio Olabarri eraikuntzako enpresak du bere gain.
Salaketa
Jazotakoaren berri izan eta gero ELA, LAB eta CCOO sindikatuek ohar bana igorri zuten lan istripua salatzeko. Adolfo Muñozek zuzentzen duen sindikatuak eraikuntza sektorean nagusitzen den prekarietatea gaitzetsi zuen. Gaur eguerdirako elkarretaratzera deitu du udaletxe aurrean. LABek ere elkarretaratzera deitu du, 11.30erako udaletxeko plazan, «prekarietateak eta azpikontratazioak hil egiten dutela» salatzeko.
CCOOk, bestalde, azpikontratazioa eta araudi falta dela-eta, atzo izandakoaren moduko istripuak gertatzea posible dela esan zuen.
Atzo Derioko Kultur Etxe berria eraikitzen ari zela hildako langilearekin, dagoeneko 65 dira aurten Euskal Herrian lan istripuetan hildako langileak. Gaur elkarretaratzeak izango dira istripuak salatzeko.