Fabian Cancellara, erlojuaren aurka munduko txapeldun
Kuku erlojuaren azken garapena
Michael Rogersen marka berdindu zuen atzo, baina amets bat bete nahi du suitzarrak: iraupeneko probako urrezko domina eskuratzea.
Arnaitz GORRITI |
«Hirugarren gizona» filmean Harry Lime-i, Orson Welles-ek antzezturiko pertsonaiari, ez zitzaizkion suitzarrak larregi gustatzen. «Italian, Borgiatarren garaian, beldurra zen nagusi; gudu eta hilketa asko izan zen, baina Migel Anjel, Leonardo Da Vinci eta Errenazimendu garaia ere hor izan ziren. Suitzan, ostera, azken 500 urteotan maitasuna, demokrazia eta bakea izan dute. Zer ekarri du horrek ondorioz? Kuku erlojua». Bada, Fabian Cancellara ezagutu izan balu, agian beste zerbait pentsatuko luke suitzarrez, batez ere txirrindulari honek ordulariei denbora irabazteko duen abileziagatik.
Hirugarren urrezko domina eskuratu zuen atzo Fabian Cancellarak erlojuaren aurkako munduko txapelketan. Suitzan, bere etxean, gainera. Inoiz ikusten ez den moduko amaiera eman zion, gainera, probari «Espartakok»: ihesaldi baten amaiera bailitzan, garaipena patrikan zuela jakitun, garaipenaz gozatzen eman zituen azken metroak. Bigarren amaitu zuen Gustav Larssoni ia minutu eta erdiko aldea atera zion hala ere. Kuku itxurarik ez du, baina teknologia kontua izango da, erlojua inork baino hobeto menperatzen du-eta.
«Egun perfektua izan da. Olinpiar Jokoetako erlojupekoaz batera, hauxe izan da sekula egin dudan erlojupekorik onena», adierazi zuen helmugan, eta iraupen proba irabazi nahi duela gaineratu ere bai. «Erlojupekoa baino gehiago prestatu dut iraupeneko lasterketa. Proba hori irabaztea egia bihurturiko ametsa litzateke; prest nago eta konfiantzaz gainezka. Exijentziaren langa goian dago, baina motibazioa behar dut onena emateko», gaineratu zuen.
Ibiltari bakartia
Fabian Cancellararen irudia beti egongo da bere bakarrean. 2004ko Tourreko aitzin etapan Armstrong ahalguztidunari irabazteko gai izan zen; 2006ko Paris-Roubaix-en bidean botata laga zituen Boonen eta enparauak; 2007ko Tourrean esprinterrei irabazi zien maillot horia soinean zeramala; 2008ko Milan-San Remoko azken kilometroan, aldiz, Iñigo Landaluzeri bizkarrera itsatsita zeraman dortsala ia kendu zion bere erasoak; aurtengo Tourreko aurreneko etapan Monako-ko zirkuituan 1 Formulako auto baten pare ibili zen eta Vueltan, berriz, Valentino Rossirekin alderatu zuten Assen-go zirkuituan emandako erakustaldiaren ondoren. Beti bakarrik, beti erlojuaren orratzaren aurretik.
Ez da harritzekoa, bestalde, eredutzat Miguel Indurain duen batentzat. Kirol munduko beste hainbat izarrekin alderatuz, «pertsona normalaren» itxura du 28 urteko suitzarrak, txirrindularitza ogibide ez ezik, pasiotzat ere baduena. «Ezin dezaket mundua txirrindularitzarik gabe ulertu». Ezkondua eta alaba baten aita, «motibaziorik ezean, etxera itzultzea hobe» dela uste du, zaratarik atera gabe.
Horrez gain, eskuzabala izatea zer den badaki Cancellarak. Hala, Suitzako Laureus Fundazioak enbaxadore bihurtu du txirrindularia, zailtasun ekonomikoak dituzten gazteei kirol egiteko aukerak bideratzeko.
Munduko txapelketako izarra, urrea kolkoan, kuku erlojuaren igandeko ordua noiz iritsiko zain dago. Bere bakarrean.