GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

DONOSTIKO ZINEMALDIA

Errutinatik gaueko bizipenetara eta konplizitatetik bakartasunera

p036_f02_199x124.jpg

Ariane KAMIO |

Ekoizpen espainol eta turkiar bana erakutsi zituen atzo Donostiako Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko borrokan. Javier Rebollok zuzendua bata, «La mujer sin piano» (Pianorik gabeko emakumea), eta Pelin Esmer-ek egina bestea, «10 To 11». Gizakiaren bakardadea dute mintzagai batak zein besteak.

Rebollok Madrilgo etxekoandre baten bizitzako 24 ordu azaltzen ditu. Rosa (Carmen Machi) emakume ezkondua da, eguneko errutinari zehaztasun handiz jarraitzen diona; ordulariaren menpeko, eguneko pauso bakoitza bereziki neurtua duela dirudi. Gau batez, senarra lo dagoen bitartean, maleta hartu eta etxetik alde egingo du, eta, hala, gaueko bizitza, errutinarik eza, datorrenari aurre egiteko gaitasunak biltzen dute filmaren mamia.

Zuzendari madrildarrari Gaztelatik Madrilera egindako bidaiaren amaieran sortu zitzaion filma egiteko ideia: «Gehienentzat ezaguna den Hegoaldeko Geltokian jaitsi nintzen autobusetik. Bertan ikusi nuen Rosaren antz handia zuen emakumea, bere maleta eta takoiekin, astelehen buruzuri batean, geltokira iristen ari zenean», esan zuen. Beraren iritziz, «film arraroa da, gauaren bitxikeriari erabat lotua, eta gauak dituen mamu eta zonbiei aurre egiten diete pertsonaiek».

Nolanahi ere, ez da lan minimalista berak egin duena, «elementu gutxi eta txikiak ditu, baina pisu handikoak» eta xehetasunei eman die garrantzi berezia. Adibidez, txorien presentzia bermatu du, era desberdinetan, eta ikusleak zantzurik ikusi gabe. Koadroetan margotuta, zeramikaz eginda edo bestelako erak baliatu ditu hegaztiak agertu eta «habia hutsaren sindromeaz» hitz egiteko.

Rebollo bigarrenez itzuli da Donostiako Zinemaldira 2006an «Lo que sé de Lola» filmarekin Urrezko Maskorra lortzeko lehian aritu ondoren. Ekoizpen horren aurretik eginak zituen dagoeneko, gainera, hainbat film labur, Lola Dueñas aktorea protagonista nagusi izan zutenak.

Oraingo honetan, telesailetan bere umore zertzeladengatik aski ezaguna den Carmen Machi-ri eskaini dio bere lehenengo lan protagonista zinemaren munduan. Antzerkigintzan lan gehiago egiteko aukera izan badu ere, bere hitzetan, garrantzitsuena ez da zein generotan lan egiten duzun, «esku artean duzun egitasmoaren balioa baizik». Hala ere, «zinemak badu errepikatzera behartzen zaituen pozoi berezi bat», gaineratu zuen.

«Egunero zure alboan lo egiten duen pertsonak gauez zer egiten duzun ez jakitea» pentsatzea suertatu zitzaion erakargarri Machiri. «Rosak badaki zer egin behar duen eguneko minutu bakoitzean, baina zer gertatzen da ordutegirik ez badauka? Eta araurik gabe bizitzea erabakitzen badu?», galdetu zuen. «Isiltasunaz» betetako film horretan, «egoera asko ezin dira hitzekin adierazi». «Antzezteko orduan -jarraitu zuen-, hitza gorputzetik irteten da eta, gorputza geldirik badago, hitza ez da ateratzen, edo beste modu batera sortzen da. Zuzendariak geldiune baten gainean egiten du lan eta erritmo horrek gorputz hizkuntza berezia izatea eskatzen du. Gorputzak asko kontatu behar du ezer gutxirekin», agertu zuen.

Jatorrien elkarketa

Pelin Esmer turkiarrak «10 To 11» aurkeztu zuen Sekzio Ofizialeko lehian, kontakizun lineala eta geldoa hori ere, baina, kasu honetan, Mithat bildumazale amorratuaren eta Ali, hura bizi den eraikineko atezainaren istorioan oinarritua. Mithatentzat Istanbul bere bildumak bezain handia da; Ali, ordea, landako herri txiki batetik dator eta hiria bere inguruko lau edo bost etxeen multzora mugatzen da. Bizilagunek eraikina berreraikitzeko erabakia hartzen dutenean -lurrikaren beldurrez eta etxearen balioa areagotzearren-, Mithatek borroka egin beharko du bere bildumak salbatzeko.

Esmer-ek bere osabaren irudia hartu du oinarritzat Mithaten pertsonaia eraikitzeko eta agurearen erritmoari lasaitasuna txertatu dio, Istanbul bezalako hiri handi baten joan-etorriaren eraginez sortutako «soinu propioari» leku berezia utzita.

Mithat eta Ali jatorri desberdinetako gizonak dira; bata unibertsitateko irakasle izandakoa, izaera jakitunago batekin eta, bestea, herri txiki batetik hiriburura joandakoa. «Bi pertsonaia nagusi ditut -azaldu zuen Esmer-ek-, baina ez ditut klase bereko pertsonatzat hartzen. Bakoitzak dituen ametsak eta helmugak desberdinak dira eta bien artean dagoen arraila filmean gertatzen den elkarketarekin bete nahi izan dut, ezezagunak zituzten loturak agerian utzita».

Iaz «Pandora´s box» film turkiarrak eskuratu zuen Urrezko Maskorra eta, Turkiako zinemaren egoeraz galdetuta, «istorioak kontatzeko gogoz» dagoen mundua dela argudiatu zuen; «nahikoa itxaron dugu orain arte». «Zuzendari bakoitzak bere arrazoiak ditu zineman lan egiteko, baina adin batera iritsi behar da film onak zuzentzeko, eta uste dut momentu horretara heldu garela dagoeneko», esan zuen. Beraren ustez, digitalizazioak mesede egin dio Turkiako zinemari berau «demokratizatu» duelako eta istorioak kontatzeko «askatasuna» bermatu duelako.

NOLAKOA OTE?

«Nire amarentzat film melodramatikoa izango litzateke. Nire aitarentzat, berriz, politikoa. Niretzat, ordea, Javier Rebollok bere bi aktoreen gorputzak moldatzen dituen lana da», adierazi zuen zuzendariak berak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo