GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

DONOSTIKO ZINEMALDIA

The Doors taldearen artxiboko ateak ireki eta Jim Morrison gaztetu du DiCillok

p036_f04_142x092.jpg

Anartz BILBAO |

Hasi eta pizten den pospoloa itzali eta bukatu egiten da, «Light me Fire» kantuarekin abiatu eta «The End» finitzen da dokumentala. «When you´re a Strange» lanari buruz ari gara. Bertan, The Doors taldea aurkezten digu Tom DiCillok, taldearen artxiboko irudiak erabilita, lekukotasun estra edo antzezlerik gabe. Modu horretan, historiak mito bilakatu dituen musikariak gizaki gisa ikusi ahal izango ditugu pantailan, berriro oholtzara igota.

1965-71 bitarteko irudiak dira, taldeak pertzepzio infinituari ateak parez pare ireki eta Morrisonen arima Pariseko bainuontzi batek irentsi zuenera artekoak. Irudi zaharrak, herdoilak, benetakoak.

Antzezlerik barik

«Ez zaituzte harritu, filmean aktorerik ez agertzeak?» hasi da berbetan DiCillo emanaldiaren osteko prentsaurrekoan, inork galdetu baino lehen. 2006an Zinemaldiak saritu zuen zuzendariak «porrot ekonomikoak» bultzatu zuen lana onartzera. «Ni ez naiz dokumental egilea, oso formatu berezia da, baina `The Doors' entzun eta baietz erantzun nuen». Estatubatuarraren esanetan, «gainera The Doorsek badu artxibo bat, egin zizkieten irudi guztiak metatu dituena, eta material guztia aztertu ondoren deliberatu nuen benetako irudiak hartu eta antzezle edo testigantzei muzin egitea. Horretarako, Johnny Deep antzezlearen laguntza izan du narratzaile paperean, «metrajea bai, baina jarraipen kronologikoa ez nuenez, narratzaile baten beharra argi ikusi bainuen» eta horretarako, «zirrara sentitu eta sentiaraziko zuen norbait behar nuelako». Gainera, Deep bera ere, «musikaria izateaz gain, drogekin borrokan egindakoa delako».

1971z geroztik, diskoak egiten jarraitu zuten arren, «musikariek beraiek ere esan zidaten Morrison hiltzean desagertu zela The Doors» defendatu zuen DiCillok, eta «laukoteari miresmena» agertu arren -«kideen laguntzarik barik Morrisonek ez luke lortuko»-, «musker erregeak» bereganatzen du argipean protagonismo osoa, «sexia eta arriskutsua ez ezik, argia ere baitzen» rock izar eta poeta», DiCilloren begietara: «ezin nien begirik kendu bere irudiei, berak egin zuena ez baitzuen aurretik inortxok ere egin».

The Doors taldea zineman antzeztua izan da aurretik ere, 1991an Oliver Stonek egin filmean, Val Kilmer antzezle nagusi zela. «Oliverrek nahi izan zuen pelikula egin zuen, baina Morrison gizaki konplexua zen eta ez zuen agertu bere osotasunean», hartu zuen aurrekaria ahotan DiCillok.

Dokumentalean taldearen makina bat abesti entzun daitezke (garai hartako AEBetako gazte mugimendua ezagutu ere bai) eta Morrison ez ezik, John Densmore, Ray Manzarek eta Robby Kreiger gaztetan ikusi. Hauek bizi dira, eta DiCillok harro adierazi zuenez, «lana ikusi eta beraien historia kontatu dudala sentitu dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo