BERRIA Xabier Etxaniz Rojo 2009/9/24
Biluzik
Ai, Hamid, Hamid... ederra egin duzu, kalamidade halakoa! Afganistango presidentea izango zara, bai, baina horrela jarraituz gero, ez dut uste luze iraungo duzunik...
Ez dakit zuek zer pentsatuko duzuen, baina nik ez dut zalantzarik: kontzeptuak argi eta garbi izan behar dituzu estatu bateko presidentea izango bazara. Jakin behar duzu non zauden eta zer zaren. Jakin behar duzu zer esan eta zer isildu. Eta jakin behar duzu ezin zarela aldi berean bi tokitan egon, ezin zarela aldi berean epaile eta epaitua izan. Eta lehengo egunean, zure adierazpenak irakurri nituenean, zera iruditu zitzaidan, piper egin zenuela Bush irakasleak bateraezintasun politiko-espazial honi buruzko lezioa eman zuen egunean.
«Hauteskundeetan iruzurra izan bada, txikia izan da, baina hori munduko herrialde guztietan gertatzen da». Gustura geratuko zinen, tontolapiko hori! «Munduko herrialde guztietan gertatzen da!». Mesedez, Hamid, ez gara atzo goizean jaiotakoak! Ni banana errepublika bateko presidentea banintz -nik zer dakit, Swazilandia, Espainia, Honduras... hainbeste dira munduan...-, sutan nengoke zurekin, eta ez, preseski, iruzurra egiteagatik, agintari bati eskatu beharreko gutxieneko zurikeria mailara ez iristeagatik baizik.
Ai ene! Oso ondo dago erregea biluzik dagoela lau haizeetara oihukatzea, baina horretarako fabulako haurra izan behar duzu. Eta zu, Hamid maitea, erregea zara.
Edo presidente iruzurtia, hala nahiago baduzu.