GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

KAZETA.INFO Ione Josie 2009/9/23

«Egalité» printzipioaren izenean diskriminazioa

Euskararen Erakunde Publikoaren lehentasuna haur eta gazteen euskalduntzea delarik, Frantziar Estatuak haurren hizkuntza eskubideak ukatzen segitzen du, lotsarik gabe, Nazio Batuetako gomendioak mespretxatuz.

Izan ere, berrikitan, Nazio Batuek Frantziar Estatuak gutxiengoei begira duen jarrera beste behin salatu dute, eta aldi honetan, Haurren Eskubideen Batzordetik dator gaitzespena.

Gogorarazi nahi nuke, Nazio Batuek 1989an onartu Haurren eskubideen deklarazioa 1990ean sinatu eta berretsi zuela Frantziar Estatuak. Geroztik aipatu deklarazioari bi jarraipen egin zaizkio bata 1993an eta bestea 2002an.

Beste nazioarteko itun batzuekiko duen jarrera ber-berarekin segitu du Frantziak. Izan ere, «gutxiengo» hitza agerrarazten duten artikuluei ohar bat ezartzeko ohitura handia du, bere burua demokraziaren babesletzat jotzen duen Estatuak. Bere aburuz, Frantses lurraldeetan ez da «gutxiengorik » eta guziok eskubide berdinak ditugu.

Eta bai! herritar guziak berdinak dira, antza denez, ez da desberdintasunik, ez genero ezberdinik beraz, ez pertsona lodi edo meherik, ez aberats eta pobrerik, ez handirik ez txikirik...( gogoeta hau bestelakoa da baina...). Gutxiengorik ez dagoenez, gutxiengoen eskubideak babesten dituzten artikuluak ez dagozkio Frantziari.

Kasu horretan ere, beraz, Deklarazioaren 30. artikuluari ezarritako oharraren arabera gutxiengoen eskubideen aitortzarako artikulua ezin aplika daiteke. Haatik, azpimarratu behar dugu Deklarazioa berretsi duten 140 Estatutatik 30. artikuluari 3k oharrak jarri izana, Frantzia, Turkia eta Oman hain zuzen ere. Demokrazia adibide ezin hobeak! (...)

Nola ulertu, nola onartu, demokraziaren eredu izan nahi duen Estatu bateko gobernuak eskubideen zaintzarako sortu den Nazio Batuen Erakundeak egiten dizkion gomendioak behin eta berriz saihestea, eta berdintasunaren izenean eskubideak ukatzea, urratzea? ...

Europa sortzen ari den une honetan, bere eragin eremuaren mugak agerikoak dira. Zer pentsa, haurrei ere ez zaielarik gutxiengo talde bateko ordezkariak izateko eskubidea aitortzen? Denak berdinak benetan?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo