GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikastolen elkarte eraberrituak Euskal Herria kontzeptuaren aldeko apustua egin du

Janire ARRONDO |

Sortu berria den Euskal Herriko Ikastolak europar kooperatiba berriak jarraituko dituen lan-ildoak eta, orokorrean, Euskal Herriko hainbat eremutako ikastolen egoeraren gaineko irakurketa egin zuten atzo Tolosan ikasturte berriaren irekiera ekitaldian.

Koldo Tellitu elkarteko lehendakariaren hitzetan, «pozik egoteko moduan gaude ikastoletan emandako urratsarekin». Elkarte berri hau «XXI. mendeko erronkei aurre egiteko behar genuen tresna baliagarria da», nabarmendu zuen Tellituk. Ekainaren 13an sortu zenetik, ikastolak aurrera begira jarriak direla nabarmendu zuen lehendakariak. Hala, bazkide dituzten ikastolen interesak defendatzen jarraituko duela ziurtatu zuen.

Seaskako Ikastolen egoerari dagokionez, Estatu frantsesak hizkuntza gutxituen gainean egitekoa zuen legea ikusteko «irrikatan» direla argitu zuen lehendakariak. Izan ere, Asanblea Nazional frantsesak 2009an legea indarrean jarriko zuela esan arren, oraindik ez da indarrean jarri. Tellituren ustez, lege horrek «euskararen aitortza, ofizialtasuna, ekarriko du». Horregatik, datorren hilaren 24an Euskal Konfederazioak deituta Baionan egitekoa diren manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten atzo Tolosan.

Nafarroako Ikastolei dagokionez, bestetik, kooperatibako lehendakariaren hitzetan «Nafarroako Gobernutik bertako hizkuntzarik zaharrenari mugak jartzen ari dira, nafar gizarteak euskaraz jardun eta ikasteko eskubidea nahi izan arren». Horregatik, «euskararen alde, ikastolak edonorekin eskutik hartuta joango gara», argitu zuen lehendakariak.

Lakuako Gobernuak hartu dituen hainbat neurrien aurrean, berriz, «kezka» agertu zuen Tellituk. «Euskara ez omen da lehenetsiko eskoletako komunikazio-tresna modura; hala, hori ebazten zuen dekretua atzera bota dute», salatu zuen lehendakariak. Bestalde, «Euskal Herria hitza koarentenan jarri dute esparru honetako eskoletako curriculumetan», salatu zuen.

Hori dela eta, Tellituk argi utzi zuen honakoa: «Guk, gure ikastetxe-autonomia tarteari eutsita, orain arte bezala jarraituko dugu, euskara eta euskararen herria, Euskal Herria, kontzeptuak lantzen».

Elkarte berria

Hain zuzen ere, iragan ekainaren 13an egin zuten Euskal Herriko Ikastolak europar kooperatiba sortzeko ekitaldia. Atzo, Tolosako Leidor antzokian, sortu zenetik jendaurrean eginiko lehen agerraldian, kooperatibako zuzendaritza taldearen eta artezkaritza kontseiluaren aurkezpena egin zuten. Hala, Koldo Tellitu izango da lehendakaria, Xabier Arrieta idazkaria eta Paxkal Indo, berriz, diruzaina. Euskal Herriko hainbat ikastoletako hamar ordezkarirekin batera osatuko dute zuzendaritza taldea.

Artezkaritza kontseiluari dagokionez, bestalde, hamar lagunek osatzen dute. Horien artean, Imanol Igeregik beteko du zuzendari postua. Hezkuntza alorreko arduradun gisa, berriz, Lakuako Hezkuntza Saileko sailburu ohi Abel Ariznabarreta ariko da. Jose Luis Sukia, bestalde, enpresa kudeaketaz arduratuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo