GARA > Idatzia > Ekonomia

Rothenberger enpresako bi langile gose greban daude atzotik kaleratzeen kontra

Rothenberger multinazionaleko Abadiñoko lantegian uztailean kaleratutako LABeko ordezkaria eta enpresa batzordeko beste kide bat gose greban dira kaleratutakoa berriz onartu eta lanpostu gehiago gal ez daitezen.

p040_f01_148x104.jpg

Nerea GOTI |

Abadiñoko Astola Poligonoan, Rothenberger enpresaren aurrean, 12 egun daramatza Jon Aitor Ibarlozak kanpin denda batean bizitzen. Pasa den uztailean kaleratu zuten, lantegian hamabi urte eman ondoren; «inolako justifikaziorik gabe». Horregatik, protesta gisa, kanpin denda hartu eta bertan instalatu zen lanean berriz onartu arte kanporatu bitartean LABeko enpresa batzordeko kide zen langilea. Lankideek ere lanuzteak egin dituzte berriro beraiekin nahi dutela aldarrikatuz.

Atzo, beste pausu bat eman zuten langileen kanporatze politikaren kontra. Ibarlozak berak eta enpresa batzordeko LAB sindikatuko ordezkari batek gose greba hasi zuten. Sindikatu abertzaleko kideek GARAri adierazi diotenez, gose greban jarraituko dute Ibarloza lanean berriz onartu arte. Horrekin batera, beste eskakizun bat luzatu diote multinazional alemaniarrari protesta honekin: «Ez dugu beste Jon batzuk izaterik nahi».

LABeko ordezkariek nabarmendu dutenez, «lan egiteko eskubidea» aldarrikatu nahi dute grebalariek. «Ez dugu nahi Jon onartua izatea eta gero beste Jon batzuk izatea», esan dute.

CCOOko lau ordezkarik, LABeko hiruk, eta ELAko eta UGTko ordezkari banak osatzen dute Abadiñoko lantegiko enpresa batzordea. Sindikatu guztiek bat egin dute LABeko ordezkariaren kanporatzearen aurka. Sindikatu horretako ordezkariek gogoratu dutenez, enpresak baldintza «onartezinak» ipini zituen Ibarloza berriro onartzeko. Horren ostean, langileen batzordeak proposamen bat egin zion zuzendaritzari, langileen ia erabateko onarpena izan zuena (126 proposamenaren alde eta 7 boz zuri); horri ere ezetza eman zion enpresak.

Bihar beste batzar bat izango dute sindikatuek zuzendaritzarekin, azken honek deituta. «Kaleratutakoa lanean berriz hartzea eskatzen jarraituko dugu, baita lanpostu guztiak defenditzen ere», aurreratu dute LABetik.

«Urtero-urtero kristoren etekinak izan dituzte eta irabazi handiak izaten jarraitu nahi dute», salatu dute gose grebalarien sindikatuko kideek. Rothenberger enpresarena ez da kasu isolatua, «arazoa enpresa pilo batean ematen ari da: patronalak poltsikoak loditu eta guk langabezi ilarak. Nahikoa da, zer edo zer egin behar da».

Jon Aitor Ibarlozak hamar urte eman zituen Rothenberger multinazionalean lanean aldi baterako laneko enpresa baten bidez kontratatuta. Gero, duela urte bi, kontratu finkoa egin zioten, eta, azkenean, pasa den uztailean, kanporatze gutuna eman zioten beste lau lankiderekin batera; «justifikaziorik gabe».

Ibarlozari kaleratze ordainsari handia eskaini zioten kaleratze desegokiagatik, 45 egun lan egindako urte bakoitzagatik, baina dirua ez zuela nahi eta bere lanpostuan jarraitzea nahi zuela erantzun zuen. Enpresaren erabakiaren atzean, LABek egiten duen lanaren aurkako errepresalia ikusten du.

«Animoz gogor»

Lankideen elkartasuna dutela jakitun, gose grebalariek animo gogorrarekin ekin diote protestaldiari LABeko ordezkariek adierazi dutenez. Kaleratutakoa lanean berriz onartzea eta lanpostu guztiak mantentzea dira beraien eskakizunak.

«poltsikoak loditu»

Nabarmendu dutenez, patronalak poltsikoak loditzen dituen artean, langileek langabezi ilarak loditzen dituzte. «Nahikoa da, horren aurrean zer edo zer egin behar da», esan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo