GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

DONOSTIKO ZINEMALDIA

Amatasunari buruzko hiru bizipen hunkigarri

p012_f03_148x104.jpg

Itziar AMESTOY | DONOSTIA

Rodrigo Garcia kolonbiarrak izan zuen, atzokoan, Zinemaldiko klausuran bere lana eskaintzeko ohorea, lehiaketatik kanpo egin bazuen ere. «Mother and Child» lanak hiru emakumeren istorio hunkigarriak aurkezten ditu, Naomi Watts eta Annette Beningnen antzezlan bikainekin.

Aurtengo edizioan ohikoa izan den gai batekin agurtu zuen, beraz, Garciaren filmak Sail Ofiziala; amatasuna eta adopzioaren inguruko hausnarketa, hain zuzen ere. Rodrigo Garcia kolonbiarrak ekarri zuen emakumeen unibertsoan sartzen den lan hau; Naomi Watts, Annette Bening eta Kerry Washington aktoreak aukeratu ditu horretarako.

«Emakumezko hiru pertsonaiak liluragarriak dira», Donostian egon zen Watts antzezle australiarraren aburuz. Wattsek oso lan ona egin du beste behin latinoamerikar baten zuzendaritzapean. Alejandro Gonzalez Iñarriturekin «21 gramos» filma egin ostean, «mafia latinoak» esandakoari uko egiterik ez duela esan zuen Wattsek, broma artean, atzoko prentsaurrekoan.

«Mother and child» filmak, amen eta seme-alaben arteko lotura haustezinaren deskripzio bat eskaintzeko asmoz, hiru emakumeren bidaien berri ematen du. Karenek, 14 urterekin alaba izan ostean, adopzioan emango du. 36 urte geroago, ordea, bere bizitzari bizipoza emateko prest den gizona ezagutu ondoren, alabaren bila hasiko da. Alabak, Elizabethek, maiatzeko gaitasuna ezagutuko du haurdun geratu eta gero. Azkenik, Lucyk ama izateko prest dagoela uste du, baina, ezinean, adopzioaren bidean sartuko da. Iñarriturentzat eta Garciaretzat ohikoa den bizitza gurutzatuen estiloa erabiltzen da, beste behin ere, filmean. Bitxia da Naomi Wattsek, gidoia irakurri ostean, Karenen papera egin nahi izan zuela, nahiz eta zuzendariak bera Elizabet bezala ikusi.

Gizonezkoen pertsonaiak

Filmeko gizonezko aktoreak Samuel L. Jackson eta Jimmy Smits dira. «Betidanik emakumeek harritu naute eta atsegin ditut. Baina heltzen noan heinean, 40 urteak gainditu eta haztea ukatzen duten gizon horiekiko interesa sortzen joan zait», esan zuen Rodrigo Garciak.

Lan berri honekin, zuzendariak bere aitaren, hots, Gabriel Garcia Marquez idazlearen, itzaletik banatzeko bidearekin jarraitzen du. Aurretik, «Things You Can Tell Just By Looking At Her» 2000an, «Nine Lives» 2005ean eta aurreko urteko «Passengers» filmak zuzendu ditu. Kolonbian lanen bat egiteko intentzioaz galdetuta, bere aita zein den jakinda dauden «itxaropenengatik» egiten ez duela argudiatu zuen. «Han aitaren libururen bat noiz moldatuko dudan zain daude, baina, horrelako egitasmo batean, aitaren liburu bat moldatzea izango litzateke albistea, ez edukia bere baitan», onartu zuen. Hala, bere idei propioei zineman bizia ematen jarraituko du Garciak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo