GARA > Idatzia > Mundua

Afganistaneko giro politikoak sarraski gehiago eragingo ditu NBEren ustez

NBE Nazio Batuen Erakundeak egin dituen kalkuluen arabera, 1.500 zibil hil dituzte Afganistanen aurten, hau da, urtarriletik abuztura. Azken hilabete hori izan da tragikoena, hauteskundeak orduan egin baitziren. Ordutik, gainera, herrialdeko giro politikoak okerrera egin du.

GARA |

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak berak onartu behar izan du Afganistaneko giro politikoak okerrera egin duela, abuztuaren 20ko hauteskundeen ondoren plazaratu ziren iruzur salaketen eraginez. «Ustezko irregulartasunek nabarmentzeko moduko nahaste politikoa eragin dute. Hauteskundeetako behin betiko emaitzak kaleratzen direnean indarkeria politikoa berriz ere indartu daiteke», adierazi du NBEko idazkari nagusiak atzo ezagutzera emandako txostenean.

NBEk egin dituen kalkuluen arabera, aurten, lehenengo zortzi hilabeteetan, 1.500 zibil hil dituzte Afganistanen. Nazioarteko erakundeak erantsi du abuztua -hauteskundeak egin ziren hilabetea- izan dela hilabeterik tragikoena, baina zenbat hildako izan ziren zehaztu gabe. Txostenaren arabera, hildako zibilen %68 «Gobernuaren aurkako indarrek» eragin dituzte, hau da, talibanek. Nazioarteko tropa okupatzaileek eta horien alde egiten duten indar afganiarrek, berriz, hildako zibilen %23 eragin dituzte.

Kunduzen, hildako gehiago

Gobernuaren aldeko indarrei dagokienez, estatubatuarrek egindako bonbardaketak dira hildako gehien eragin dituztenak. NBEk argitu du zenbaketa honetan ez dituztela kontuan hartu irailaren hasieran estatubatuarrek egindako bonbardaketa batek Kunduz iparraldeko probintzian eraildako dozenaka lagunak. Kunduzen 30 zibil hil zituzten Kabulgo Gobernuaren arabera, eta 100dik gora hedabide independenteen arabera.

NATOk berak ikerketa ofizial bat jarri zuen abian gertatutakoa argitzeko, sarraskiak sekulako lurrikara politikoa eragin baitzuen Afganistanen tropak dituzten NATOko herrialdeetan, batez ere gaur hauteskundeak egingo dituen Alemanian.

Atzo bertan izan genuen Kunduzen gertatutako beste sarraski baten berri. Afganistaneko Poliziak jakitera eman duenez, «gutxienez» 18 taliban hil ditu Kunduzen. Mohamed Omar probintziako gobernadoreak nazioarteko berri agentziei esan dienez, gerrillariek ostiral gauean egin zieten eraso agenteei Dasht Archi barrutian, «eta Poliziak tiroka erantzun zuen».

Aipatzekoa da talibanek aurreko poliziaburua hil zutela Kunduzen, Mohamed Omar gobernadorearen anaia.

2009a 2008a baino okerragoa izateko bidean doa. Orduan 2.118 zibil hil zituzten Afganistanen, 2007ko kopurua baino %40 gehiago, NBEren arabera. Ban Ki-moonek hauteskundeetako emaitzak onartzeko eskatu die hautagaiei. Boto ugari berriz zenbatu beharrean daude.

220 soldadu

Estatu espainoleko Gobernuak atzo onartu zuen beste 220 soldadu Afganistanera bidaltzea, Parlamentuak hilaren 23an argi berdea eman ondoren. Erabakia Osama Bin Laden Al Qaedako buruak europarrei herrialdetik alde egiteko exijitu ondoren iritsi da

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo