GARA > Idatzia > Kultura

Kultura garaikidera hurbiltzen da Dario Urzay irudien tekniken bidez

Google Earth, argazkiak, bideoak eta pinturak dira Dario Urzayk Madrilen ikusgai jarri duen «Bifurcaciones» erakusketa osatzeko erabili dituen tresnak. Azaroaren 22ra arte ICO Bildumen Museoak bilbotarraren 30 lan jasotzen ditu, bere azken 13 urteetako ibilbidean eginikoak batzuk eta azken urteetan osatutakoak beste batzuk.

p058_f01_148x124.jpg

p058_f02_83x48.jpg

GARA | MADRIL

Dario Urzayren lana eta artistak sortzeko duen gaitasun originala ulertzeko giltza da «Bifurcaciones» erakusketa, azaroaren 22ra arte Madrilgo ICO Bildumen Museoan ikusgai dagoena.

Ikus-entzunezko bitartekoen azterketaren ondoren, argazki, bideo, pintura eta teknologia uztartzen ditu bilbotarrak 30 lanetan zehar. Ramon Esparza, erakusketaren komisarioaren esanetan, Urzayk argazkiak, bideoak eta Google Earth bere lanerako erabiltzea «berrikuntza ikaragarria» da.

Erakusketa bi zatitan banatzen da. Lehenean kultura garaikidearen konplexutasunaz hausnartzen da; bigarrenean, berriz, artistak teknologiak eta aldaketa sozialek munduaren ikuspegiaren aldaketa zer-nolako papera duten argitzen saiatzean da.

Esparzak azaldu zuenez, «zatiketa, etengabeko aldaketa eta eraikitze eza dira begirada garaikidearen ezaugarriak», eta Urzayk bere lanetan ikuspegi geometrikoa alde batera uzten du. Bloke honetan ikus daitekeen obrarik esanguratsuena «En una (microverso II) fracción» izenekoa da. Bertan kamera baten telebistako pantaila bat arakatu eta eskuaren mugimendua teknologiarekin uztartzen da. Helburua eskuaren mugimendua koadroan zehar azaltzen diren irudikapenetan eraldatzea da; horrela, etenik gabeko trazua duten irudiak azalduz.

«Observador distante umbilical (17 boody images)» lana ere espazio honetan kokatzen da. Hamasei panelek osatzen dute obra hiru dimentsioko espazioa ematen duen tokian. Bertan ikuslea behaketa lanean kokatzen du Urzayk.

Gaur egun teknologia berriek duten garrantziaz oharturik, artista bilbotarrak «topografia emozionalak» sortzen ditu erakusketaren bigarren zatian. Horretarako, Google Earth programa informatikoari so egiten dio. Sateliteko lehen argazkia oinarri hartuta, hegazkin batetik hartutako irudiak gainjartzen ditu. «Proyección Sajazarra» da eremu honetan duen lanik azpimarragarriena. Araba, Errioxa eta Burgosen eginiko proiektua da, zehazki Miranda de Ebro herrian kokatzen dena. Urzayk 150 pertsona deitu zituen eta hartzaile zehatzik gabeko gutun bat idazteko eskatu zien. Momentu berean, artistak eta bere laguntzaileek hormigoizko kubo baten moldea prestatu zuten eta aurretik egina zuten beste kubo batean bertako muinoaren mailak azaltzen zituzten 150 serigrafia kokatu zituzten. Parte hartzaileek gutunak kuboan sartu, hormigoiarekin nahastu eta serigrafiak eraman zituzten.

Urzayk horren irudiak hartu eta 360 graduko panoramika interaktibo bat osatu zuen. Hori da, hain zuzen ere, erakusketan ikusi ahal dena. Irudiak elkartuz, gainera, ikusleak berari bira ematen dionaren sentsazioa izango du.

Erakusketa bisuala lurrean kokaturiko lan kartografiko handi batekin amaitzen da, ibilbide borobila duen lanarekin, hain zuzen ere.

EZAGUTZA

Ramon Esparza erakusketako komisarioak azaldu duenez, errealitatea ezagutzeak errealitatea sortzen duela da Dario Urzayren lanen gai nagusia.

«Ikusleak bukatzen du lana eraikitzen»

Dario Urzay artistarentzat obra zer distantziatik begiratzen den garrantzitsua da. Erakusketaren aurkezpenean adierazi zuenez, lana «urrutitik eta gertutik ikusten denaren konbinazioa da». Horretan, gainera, ikuslearen papera azpimarratu nahi izan zuen, izan ere, «ikuslea da lana amaitzen duena; eraikitzen amaitzen duena, hain zuzen ere».

Argazkigintzari buruz estiloen sorkuntzatik kodigoen erabilerara igaro dela adierazi zuen, eta argazkigintza jada ez dela argazkiaren izateko modua bakarrik azpimarratu zuen, erreala dena kodifikatzeko modu bat baizik.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo