KRONIKA PAKITO ARRIARANI OMENALDIA
25 urte ondoren, Arrasate eta El Salvador bat eginik
Auzitegi nazional espainolak euskal presoez gain, internazionalismoaren ikur diren Pakito Arriaran, Begoña Garcia eta Marta Gonzalez ahanzturan lurperatu nahi dituen arren, arrasatearrek ez zuten etsi eta auzolana baliatuta ekitaldi hunkigarria eskaini zieten El Salvadorreko lurretan borrokan heriotza aurkitu zuten hiru euskal herritarrei.
Oihana LLORENTE
Aurreikusitako ordua baino lehen eta bat-batean egindako agertoki batekin egin zioten aurre arrasatearrek Ertzaintzaren presentzia itogarriari. Deialdia aurreratu eta ahoz aho zabaldu izanak, ordea, ez zuen jendea mugatu eta ia 300 lagun bildu ziren Chalatenangon, borrokan, hil zen Pakito Arriaran herrikideari omenaldia eskaintzeko.
Txalaparta doinu eta bertsoekin eman zieten harrera eskailerak gora Santa Barbara parkera hurbiltzen ziren herritarrei. Horietako askok ez zuten Arriaran ezagutzeko betarik izan, beste batzuk, ordea, gertutik maitatu zuten Pakito, bertakoentzat, eta Juancito, El Salvadorrekoentzat.
Pakito Arriaran, ordea, ez da Euskal Herriak erditu duen internazionalista bakarra. Hala, arrasatearrak bezala heriotza El Salvadorren aurkitu zuten Begoña Garcia eta Marta Gonzalez, eta Nikaraguan zendutako Ambrosio Mogorron ere gogoan izan zituzten atzo egindako omenaldian.
Adinak eta gaixotasunak Arrasatera hurbiltzeko aukerarik eman ez arren, Begoña Garciaren aita eskutitz bidez izan zen bertan. Madrileko auzitegi bereziak alaba omentzeko asmoz antolatutako ekitaldia debekatu izanak «etsitu eta haserretu» duela esan eta erabakia «mendekuan» oinarritzen dela salatu zuen. Gainera, alaba hil zutenen eta egun bere oroimena debekatzen dutenen artean «antzekotasunak» daudela nabarmendu zuen Guillermo Garciak.
Elkartasuna «joan-etorriko bidaia» dela gogoratu zuen ostean Askapenako kide batek; hala, «Euskal Herria bezalako herri txikiok elkarren arteko beharra dugula» nabarmenduz, internazionalismoaren aldeko apustua egin zuen. Herri honen «ekarpen» gisa jo zituen Arriaran bera, Gonzalez, Garcia edo Mogorron, baina gure herriak eman bezala jaso ere egin duela deritzo Askapenak, eta munduan zehar barreiatuta dauden Euskal Herriaren aldeko talde eta komiteen lana txalotu zuen.
Elkartasun horren zergatia Euskal Herriaren borroka «elkartasunean oinarritua eta iraultzailea» dela defendatu zuen Askapenak eta, Arriaran hil zenetik 25 urte igaro diren arren, ziur da bai bere herriaz bai El Salvadorrez harro egongo zela. «Bi herriok eskutik hartuta eta herrien mundu baten alde duintasunez borrokan jarraitzen dugulako», adierazi zuen.
Dantzari batek krabelin gorriak eskaini zizkien El Salvadorren hildako hiru euskal herritarrei. Ostean, iritsitako bide beretik joan ziren arrasatearrak internazionalistei omenaldi xumea eskaini ostean. Bidean, ekitaldira berandu iritsi ziren ertzainak aurkitu zituzten.
18.30ean zen egitekoa omenaldia eta ertzainak presente egon nahi zuten. Puntual iritsi ziren, makina bat komunikabidez inguratuta; aldiz, ez zuten lanik egiterik izan, ez poliziek ezta kazetariek ere.
Goizetik ahalegindu ziren ertzainak eguna zapuzten. Prestatutako herri azoka eta erakusketa bere horretan eraman ziren aurrera, ez baitzeuden debekatuta, baina herri bazkaria kopuruz mugatu behar izan zuten. Debekua jaso aurretik 600 lagun baino gehiagok zuten sarrera erosita, baina bazkaria elkarteetan egin behar izan zutenez, askok ez zuten parte hartzerik izan.
Bakean uzteko deia
Azkenaldian Arrasate epaile, komunikabide eta polizien jomugan izan da behin eta berriz. Hori dela eta, bertako herritarrak haserre agertu ziren atzo goizean egindako agerraldian «zuzenbideko estatuaren izenean egiten diren gehiegikeriekin».
Dena posible ez dela defendatu zuten arrasatearrek. «Besterik gabe alkatea espetxeratzerik, tabernetako bezeroak mehatxatzerik eta herriko eragile askoren atxikimendua duten mobilizazioak debekatzerik ez dago», salatu zuten herritarrak eta, horregatik, azkenaldian jazotako gertakari eta debekuei erantzuteko manifestaldia deitu zuten. Ostegunean, 19.00etan, irtengo da herriko plazatik «Utzi Arrasate bakean» goiburuarekin.