Alemanian eskuina nagusi, ezker berria indartsu
Alemaniako hauteskundeen ondorengo mapa politikoak eskuinarena du kolore nagusi. Angela Merkelen CDUk boto gehien atera zituen, beheranzko joera izan arren, baina FPD liberalak gora egin izanak eskuineko gobernu «naturalagoa» osatzeko aukera ematen dio. CDUk lehenbailehen ekin nahi die liberalekin gobernua osatzeko negoziaketei; liberalek, ordea, ez dute horrenbesteko presarik, pisuzko kide direla erakutsi nahi baitute. Hauteskundeetako galtzaile nagusia SPD sozial demokrata izan da, eta haren galera Legebiltzarretik harago joan liteke, aurrerantzean zailago izango baitu ezkerraren erreferentzia izatea. Alde batetik, azken urteetan eskuinarekin gobernatu duelako, eta Gobernuaren politika ekonomikoaren ondorioz arlo sozialean izandako murrizketa asko SPDren erantzukizuna dira. Bestetik, arlo ekologikoan ere lehia gogorra izango du Berdeekin, goranzko joera -SPDren jaitsierak mesede egin dion joera nonbait- duen indarrarekin. Eta, azkenik, SPDren gainbeherak argiago ikusarazten du ezkerreko alternatiba zein izan litekeen. SPDren gainbeherak eta Ezkerra alderdiaren emaitza onak, jakina. Hauteskundeak baino lehen indartsu agertu zen, eta hauteskundeetan kontuan hartzeko moduko indar gisa finkatu da botoen %12 lortuta. Ezkerra urte gutxitan mamitu den indarra da, eta hori, agian, alemaniar ezkerraren erreferentzia aldatu beharraren iragarpena zen.