GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Lotsatzearen lotsa

Gero eta gutxiago lotsatzen gara», ari zen hausnarketan denda bateko ilaran emakumea. «Ez zaio arrazoirik falta», pentsatu nuen neure artean diru-zorrotik txanponak ateratzen nituen bitartean. Benetan interesgarriak egiten zaizkit gisa honetako elkarrizketak egunkari askotako zutabegile handiek baino hausnarketa sakon eta deigarriagoak eragiten dituztelako; baina eztabaida horiek albo batera utzita, emakumeak esandakoari heldu nahi diot. Lotsatzeko bai, auzo-lotsa ere ikaragarri sentitzen dudalako, baina gorritzeko joera handirik ez dut izan nik. Ezagutzen ditut ordea, estropezu txikienarekin ere tomateen pare gorritzen direnak, egin dutenagatik lehenengo eta lotsatu direlako ondoren, lotsatzeaz lotsatuta, beraz.

Seguru nago gorritualdi hauek jasaten dituztenei ez zaiela gauza bera gertatuko, baina niri behintzat grazia egiten dit gorritzeagatik gorritzen direnen estualdiak, xarma atzematen diot. Izatez, Darwinek zioen gorritzeko gaitasuna guztien artean keinurik gizatiarrena zela eta pertsonak garela animalietan gorritzeko gaitasuna dugun bakarrak; bereizgarri dugu beraz.

Egingo nuke apustu gorritualdiok murrizteko arrazoien artean kontrolatu ezin duguna kontrolatzeko joera gero eta handiagoa dagoela. Negar egitea, urduri jartzea... ahultasun zeinu gisa hartuak ditugun honetan, indar gehiago xahutzen dugu horiek ezkutatu eta geldiarazten, benetan negarra eragiten diguten kontuetan erreparatzen baino, eta horretan erakusten diegu gainera atzetik datozenei. «Larritzen zaituen horrek ez du horrenbesteko garrantzirik» esan gabe esaten diogu zotinka ari den mutikoari «handiegia zara negar egiteko». Eta gorritzen denari ere paretsu; zuzenean edota zeharka, «hori kontrolatu behar duzu» esaten diogu, «lotsatzea lotsagarria da». Bai, makinen gisara, minik sentitu, edo behintzat espresatu gabe, gehiegizko poztasunik edo tristurarik gabe, gorabeherarik gabeko jarrera inposatzen zaigu eta gu, dirudienez, konforme. Gorritzen ez naiz hasiko, apropos egiterik ez dagoelako noski, baina malkoak gelditzeko bereak eta bi ez ditut egingo, negar egiteak ez nauelako egiten ez dutenak baino ahulago egiten, gorritzen direnak lotsatiago egiten ez dituen moduan. Bereiztu egiten gaitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo