Eider eta Eneritz Paredes «Txiki»ren ilobak, Zarautz
Ez duzue lortuko
Inpotentzia, amorrua, nazka... guztiaren gainetik ez duzue lortuko. Gure osabaren panteoiaren aurrean bizitakoak argi erakusten digu fusilamenduak agindu zituenak jarraitzaileak badituela. 34 urte pasa dira, baina orduan bezala, gure amonari ez diote bere semearen aurrean egoten utzi.
Baina ez, ez duzue lortuko, eta zuek erakutsi diguzue ondo goazela, ondo ari garela, ze gure hildakoek ere traba egiten dizuete, eta argi eta garbi izan guztiak omentzen jarraituko dugula.
Guk beti bihotzean izan ditugulako, bihotzean dauzkagulako eta ondorengoek ere bihotzean izango dituztelako, horretaz arduratuko gara.
Erakutsiko diegu maite dugun herriagatik dena eman zutela eta zuen oztopoen gainetik beti aurrera egingo dugula.
Eta zuri amona, muxu bat, berriro erakutsi diguzulako nolakoa zaren, zure semearen aurrean beste behin ere gogor aurre egin diezulako.
Gora eusko gudariak!