GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Mari Jose Ruiz eta Edurne Urdanpilleta Ibarrako udal hautetsi independentistak

Lotsagabekeria eta tasa igoera

Ohituak gauzkate Ibarrako udal agintariek herrian hartu beharreko erabakiak arinkeriaz eta inorekin eztabaidatu gabe hartzen. Dirudienez, beraiek herriaren gainetik daude eta egiten dutenaren aurrean ez dizkiote inori kontuak eman behar.

Udalbatzak goizeko bederatzietan jartzearekin nahikoa ez, eta gainera ertzainez eta kameraz betetzen dute udaletxea. Ertzaintzaren presentzia gero eta ohikoagoa da plazan, udaletxean udalbatza dagoen egunetan batez ere. Eta zer esan kamerez? Plazan bizi eta ibiltzen den jendea kontrolatu nahi al dute?

Irailaren 22ko udal bilkuran, Maite Aranalderen etorreran Ibarrako herritarrak bortizki jipoitu zituen Ertzaintzaren jokabidea babestu zuten udal agintariek eta era berean beren kezka agertu zuten herrian izandako istiluen aurrean.

Udaleko agintariek haren kontra mozioan onartu dutena hipokrisia hutsa da! Edo Polizia errepresiboaren jarduna salatzen da edo bere ibilbide zapaltzailea onartzen da. Gainontzekoa, denekin ongi geratu nahi izatea da.

Gauzak argitze aldera, esan, Maiteri ez zitzaiola inongo omenaldirik egin eta ongi etorri xume bat egin nahi zitzaiola, ez besterik. Eta haren senide eta lagunen aurka oldartu zirela Aresen morroiak.

Beste gehiegikeria bat? Lehengo urtean zaborraren tasa %20 igotzearekin nahikoa ez, eta aurten beste %20 igotzea erabaki dute, hau da, bi urtetan denera %40. Hortaz, 2010. urteko faktura 93 euro ingurukoa izango dela aurreikusten dugu.

Krisiaz hainbeste hitz egiten den honetan, herritarrak ekonomikoki gehiago itotzeko bide ederra, benetan. Aldi berean, Udalari hilero 7.300 euroko gastua ekarriko dion TAO zerbitzua jartzera doaz. Jakina, Ibarran aparkaleku arazoa daukagula! Baina ez al da aproposagoa herritarrekin hitz egin eta arazoari adostutako irtenbide bat bilatzen saiatzea?

Argi dago Ibarrako Udalaren kudeaketa txarraren ondorioz sortzen diren defizit eta galera guztiak herritarrok ordaintzen ari garela.

Laburki, salatu nahi dugu Maite Aranalderen etorreran Ertzaintzak izandako jarrera; Udal honen hipokrisia; ibartarroi eragingo digun zabor-bilketa tasen igoera; herritarrak kontuan hartu gabe TAO zerbitzua jartzea; norbanakoaren intimitatea bortxatzen duten kameren presentzia; udalbatzarra dagoen aldiro plaza eta bere inguruak ertzainez josita egotea...

Azkenik, esan, udaletxean ohituta daudela deserosoak diren mozioak ez eztabaidatzen edo kontra mozioekin erantzuten. Horrela erakusten dute beraien izaera ez demokratikoa, beraiek nahi dituzten mozioak bakarrik eztabaidatuz eta besteak boikotatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo