Israeleraino hel daitezkeen misilen probak arrakastaz burutu ditu Iranek
GARA
Iranen programa nuklearra Mendebaldean hautsak harrotzen ari den bitartean, irismen handiko misilen proba «arrakastaz» burutu zuen atzo Teheranek. Jarduera balistikoen bigarren jardunaldiaren karietara probatu zituzten misilok, Israeleraino hel daitezkeenak.
Jaurtigaiak bota baino lehen, Iranek mehatxu guztiei -eta, espresuki, programa nuklearraren aurkakoei- modu «suntsikorrean» erantzungo diela ohartarazi zuen Iraultzaren Zaindarien (Armadaren eliteko organoak) komandante Hosseim Salamik.
Armadak emandako informazioaren arabera, jaurtigaiak Sahab-3 eta Sayil motakoak dira eta 2.000 kilometro inguruko distantziara irits daitezke.
Sayil misilek erregai solidoa erabiltzen dute eta motor banarekin hornituta dauden bi kapsula dituzte. Gerra hegazkin batzuek erabiltzen duten sistemaren antzekoa den honek, misilek altuera handietan dauden jomugei eraso egitea ahalbidetzen dute.
Atzokoa «erregai solidoa erabiltzen duten bi gorputzeko misilak probatu diren lehen aldia» izan dela azaldu zuen Fars informazio agentziak.
«Jaurtigai hauek martxan jarri izanak mehatxu guztiei aurre egiteko dugun gaitasun estrategikoa areagotu dela erakusten du berriz ere», gaineratu zuen iturri erdi-ofizial berberak.»
Proba hauek Iranek eta 5+1 taldeak -NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek eta Alemaniak osatutakoa- Teheranen programa nuklearraren inguruko negoziazioak berrabiatzeko hiru egun baino falta ez direnean egin dituzte, eta ondorioz aldez aurretik nabaria tentsioa nabarmen handitu da.
Horren harira, Irango Atzerri ministro Hasan Qashqavik proba hauen eta elkarrizketaren edota programa nuklearraren arteko lotura oro ukatu du.
«Bere izenak adierazten duenez, jarduera hauen laugarren edizioa da. Urtero egiten dira», argitu zuen.
Ezkutuko planta
AEBek iragan ostiralean Iranek ustez ezkutuko planta bat duela zabaldu zuten, eta horrek ere gori-gorian dagoen polemika indartzen lagundu du.
Teherango Gobernuak informazio hori baieztatu zuen, baina aldez aurretik -irailaren 21ean- Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeari (IAEA) igorritako gutun baten bidez bere planen berri eman zuela argi utzita.
Irango Parlamentuko presidente Ali Lariyanik Mendebaldearen adierazpenak osteguneko negoziazioetan beren borondatea «inposatzera» bideratuta daudela salatu zuen atzo eginiko agerraldi batean.