Juan Carlos Tabioren azken filmak zabaldu du Biarritzeko jaialdia
Latinoamerikako zinema jaialdiak aurtengo edizioan Kubari egiten dion omenaldia handizki azaltzen da lehen eguneko egitarauan. Kubako Juan Carlos Tabio zinemagilearen azken filmak zabaldu zuen jaialdia atzo gauean, eta, gaur, berriz, Habanako jaialdiaren omenezko filmez gain, Kubako herria ardatz duten topaketak abiatuko dira. Lehiaketan diren lehendabiziko film eta dokumentalak proiektatuko dituzte goizeko bederatzietatik aurrera.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
«El cuerno de la abundancia», Juan Carlos Tabio zinemagile kubatarrak kaleratu azken pelikulak abiatu zuen atzo gauean Biarritzeko Latinoamerikako zinema jaialdiaren 18. edizioa.
Komedia gisa landua, pelikulak, Tabioren aurreko filmen antzera, Kubako egunerokotasunean barneratzeko aukera ematen du. Izan ere, Kubako herrixka bateko Castiñeiras familia du ardatz filmak, XVIII. mendean serora batzuek banku batean utzitako dirua herentzian eskuratzekotan den familia hain zuzen. Lehiaketa nagusian parte hartzeaz gain, Tabioren atzera begirako bat izango da aste osoan Biarritzen. «El cuerno de la abundancia» azken lanarekin batera, 2000. urtean filmaturiko «Lista de espera», 1995eko «Guantanamera», 1994ko «Fresa y chocolate», eta, azkenik, 1988ko «Demasiado miedo a la vida o Plaff» proiektatuko dira.
Ate irekitze ekitaldian Tabioren filmaren proiekzioak agerian utzi bezala, Kuba da aurtengo edizioko gonbidatu nagusia. Eta gaur goizeko bederatzietatik goiti abiatuko den egitarauan Kubako zinemak leku nabarmena izango du.
Atzo gaueko irekiera ekitaldia baliatu zuten lehiaketan diren hiru sailetako epaimahaikideak aurkezteko ere.
Arratsaldeko ordu bietan, Gare du Midin, Habanako jaialdiaren omenaldia abiatuko da Alejandro Brugues zinemagilearen «Personal belongings» filmaren proiekzioarekin. Horrez gain, jaialdiko Herrixkan egingo diren unibertsitate-topaketetan «Kuba, 50 urteko iraultza» gaia jorratuko da. Topaketak, gaur, goizeko hamarretan hasiko dira.
Hitzaldiak eta proiekzioak
Arratsaldean, Yves Billones eginiko «Loin de Fidel, les écoles du capitalisme» (Fidelengandik urrun, kapitalismo-eskolak) dokumentala ikusi ahal izango da. Proiekzioak eta ekitaldiak, Biarritzeko areto guztietan zabalduko dira. Gaur, goizeko bederatzietan Kasinoan, dokumentalen lehiaketan dagoen «Mi vida con Carlos» German Berger-Herz zinemagilearen lanaren azalpenarekin hasiko da jaialdia.
Horren ondotik, Gare du Midi aretoan, film luzeen lehiaketan parte hartzen duen «La Pasion de Gabriel» lana, Kolonbiako Alberto Restrepo zinemagilearen pelikula, ikusteko aukera izango da. Proiekzioak arratseko zortzi eta erdietan amaituko dira, Kubako jaialdiaren omenez programatu duten Juan Jose Campanella zinemagilearen «El Hijo de la novia» filmarekin.
Lehiaketan diren filmen artean, gaur, Sebastian Silvaren «La Nana» filma, Jose Padillaren «Garapa» eta Pablo Milstein eta Noberto Ludinen «Fragmentos de una búsqueda» dokumentalak eskainiko dira.
Biarritzeko jaialdian Besarkada Saria eskuratzeko lehiatzen diren sailen artean dokumentalak dira nagusi. Orotara, sail horretan astebetez hamabost proiekzio izango dira.
Biarritzeko Latinoamerikako zinema jaialdiak, astebetez, film eta dokumentalak ikusteko aukera emateaz gain, Latinoamerikako kulturan murgiltzera gonbidatzen ditu ikusleak. Kasinoko Ambassadeurs gelan, «Jaialdiko Herrixka» deitu gunean, artisauak eta liburu eta diskoen salguneak biltzeaz gain, Hego Amerikako jaki eta edariak preziatzeko aukera izango da. Baina, «Herrixka», urtero, kontzertu eta emanaldi berezien bilgune ere izaten da.
Gaur bertan, gune horretako egitaraua arratseko zazpietan zabalduko da Armonia elkarteak eskainiko dituen Tango ikastaroekin. Horren ondotik, Sueño Millonga taldea eta DJ Tom B-ren kontzertuak ikusi ahalko dituzte bertaratutakoek. Bihar, berriz, saltsa dantza ikasteko parada izango da Cuba Bella izeneko elkarteari esker.
Zabumba, Peruko Rafael Santa Cruz eta DJ Tom B musika emanaldien txanda izango da horren ondotik. Egunotan, Kumar Kubako Hip-Hop eta, Buena Fe talde kubatarren emanaldiak ere izango dira. «Herrixka»ko egitaraua, jaialdikoarekin batera, igandean amaituko da Tango dantzaldi batekin.A.B.