GARA > Idatzia > Kultura

Analisia | Veneziako biurtekoa

Venezian ez dago simetriarik

Nekez ahal liteke nazionalista izatea sezesionismoa posible izatea onartu gabe, zeren eta ezein herrik ezin baitu bere buruaz libreki baliatu bortxaturik daukan Estatuaz aske izatea galarazten bazaio.

p042_f02_139x124.jpg

Fito RODRIGUEZ Idazlea, Euskal Idazleen Elkarteko presidentea eta Euskal Herriko Unibertsitatean Irakaslea

Veneziako Biurtekoaren baitan ospatzen ari diren «PlanetK» ekitaldietan parte hartu du Fito Rodriguezek. Handik itzuli berri, euskal, irlandar eta literatura kurduaren topaketen ondoren, bertan eztabaidatutakoari buruzko honako analisia eskaintzen digu.

Mendebaldean ohiko bihurtu zaigun angelu zuzenik ezin da uretatik jaio zen hiri errepublikar zahar hartan aurkitu.

Han dena dago okerka bezain etzan eta, halere, horren da eder!

Besteen menpekotasunetik irten nahian, etika eta estetika zuritik at (inoiz ez hobeto esanda...) munduari so egiteko, Malcon X zenak «beltza ederra da» ihardetsi zuen moduan, okerra ederra dela arrapostu beharko genuke guk Venezian egiten ari den «PlanetK» izeneko ekitaldietatik itzultzean. Edo, beste era batez adierazia, desberdintasuna aldarri, eraiki dezagun eginkizun dauzkagun mundu berriak.

Baina, asaldatuko da baten bat, berdintasuna ez al da modernitateak maite izan duen demokraziaren oinarria?

Honela bada, hau bezalako galdera teoriko bati erantzun dakiokeenez ikuspuntu filosofiko, literario edota historikoen bidez, nahitaez bihurtzen da, orain eta hemen, arazo praktiko eta politiko.

Badirudi Zuzenbidearen tratadisten artean onartua dagoela gizakiaren ikuskera aristotelikoa, zeinak baitio mendebaldeko pentsamendua eta, hedaduraz, esan liteke pentsamendu politiko garaikidea bere osoan ezaugarritzen duen animalia politikoa dela gizona, gizateriaren ia sinonimoa den erreferentzia ahalmen politiko propioa.

Bestela esanda, gaur politika gizarte alor bezala ulertzen den arren eta, ondorioz, gizona kolektibo sozial jakin bateko partaide bezala kontsideratzen da politiko, ikuskera grekoak ahalmen politikotik eratorrarazten zituen giza sozialtasunaren ezaugarriak.

«Hiritar grekoak» ez zirenak, hots, politikan parte hartzera behartuak ez zeudenak, ez ziren gizonak zentzu aristotelikoan...

Ius sanguinis-aren erromatar teoriek kontsakratuko zuten jurudikoki interpretazio-joera hau eta nasci (jaio) latindar aditza izango zen gobernu sozial (nazionalaren) kudeaketa subiranoan parte hartzeko irizpideak zehazteko erabiliko zena.

Ancien Régime delakoarekiko haustura iraultzaileak ekarri zuen berekin ezker politikoari atxikitako nazionalismoaren kontzeptua. «Gizakiaren eskubideen deklarazioak» aldarrikatu zuen «subiranotasun oro nazioaren baitan datzala dioen printzipioa». Honela, 1978tik aurrera nazionalismoa izan zen posible egin zuena monarka subiranoarekiko leialtasuna bezala ulertzen zen nazionalitatea kolektibitatearentzat (herriarentzat) subiranotasunaren errebindikazio politiko bihurtzea.

Antolamendua eta legitimazio politikoa zehazteko orduan identitate identifikatzaile eta erreferentzial bezala komunitate gizatiarra eta kulturala nabarmentzeak ekarri zuen berekin XIX. mendeko Europan agertu ziren mugimendu iraultzaile gehienak mugimendu nazionalistak izatea, aldarrikapen konstituzionalei oso hertsiki atxikiak, azaleratzen ari zen gizarte berri horren eskubideak berregituratuz guztien ongia kudeatzeko bermea izango zukeen araudi juridiko berrian oinarritutako politika eraberritua bilatuko zituzten aldarrikapenak (B. Badie, «Formes et transformations des communautés politiques», 1985).

Gaurko globalizazio prozesuak, ordea, eraikitako uniformizazio bitalaren ondorio kulturala ez da nazismoak nahi zuen homogeneizatze sozial zorrotza besterik: Gleichschaltunga.

Jose Antonio Primo de Riveraren falangismo espainiarrak alemaniar pentsamendu nazionalsozialistari maileguz hartu zion «unidad de destino en lo universal» hura XX. mende osoaren berezitasun ezaugarritzaileetako bat bilakatu zen eta baita politikoki ezaugarritu zuen nazionalismo atzerakoia ere (Arendt. H. «Le système totalitaire», 1972).

Ondorioz, bada, XXI. mendea estreinatu duen globalizazioaren ondorioa ezin da izan politika eskuindar eta autoritario horren formulazio berria baino, bertsio inboluzionista eta atzerakoi baten bidez XVIII-XIX mendeetako nazionalismo liberatzailea birdefinituz garatu zena.

Pertenentziazko komunitate linguistiko-afektibo edo kulturala (Gemeinschaft) eta bizitzazko egitura legal eta sozialaren (Gesellschaft) artean dagoen kontraesana jada aztertu zuen behar bezala Ferdinand Töniesek («Communauté et societé», 1944) nazismoaren ondorioak ezagutu baino lehenago ere oharrarazteko eskumen ekonomiko-legalak lituzkeen estatuaren inposizioak lekarkeen inboluzio arriskugarriaz, sektore sozial bakarraren onurak soilik bilatuz oinarriko komunitate kulturalaren desagertzea zekarkeelako.

Honela ulertu behar da, bada, gaur egungo ultraliberalismo hau, antolamendu ekonomiko-sozial posible bakar bezala aurkeztua, balio komunitarioen deusezte ahalegin bat gehiago bezala kontsideratu behar dela, Europan nola subiranotasunaren hala XVIII eta XIX. mendeetako iraultzen abiapuntu izan ziren balioak.

Inperialismoa kapitalismoaren fase gorena dela iragarri zuen Leninek eta gaur joera hauen baitan agertzen da, estatu global baterantz doan garapen geraezina bezala, non merkatua, justizia eta politikaren era exekutiboak (koakzioa eta/edo interbentzio armatua) diren gero eta ilunagoak eta kontrolaezinagoak.

Arendtek «autoritarismoen mende» gisa definitu zuen XX.a («Los orígenes del totalitarismo», 1982) eta Ternonek «kriminala» bezala («El Estado criminal. Los genocidios del siglo XX», 1982) eta orduantxe agertu zen bertsio iraultzaile bat bai herriaren subiranotasuna eta bai mugimendu sozialak aldarrikatzen zituena, Töniesen ildotik tradizio komunitarioen berrirakurketa egiten zuena eta, azken finean, proposatzen zuen gizartea aglutinatzeko sistema zaharrak, eraberrituz, berriro onartu eta sozialki berregituratzea.

Nazionalismoa XXI. mendean

Birzikla dezagun estatuaren ideia historikoa. Tratatu klasikoek akademikoki bereizi nahi izan dituzte nazionalismoa eta abertzaletasuna, lehenari irrazionaltasuna, xenofobia, arrazismoa eta bereizkeria eratxikiz eta bigarrenari, aldiz, progresu-balioak, arrazoizkotasuna eta hiritar aglutinazioa.

Nahiz eta badiren salbuespenak planteamendu honen aurrean politika estatalistek garatzen duten nazionalismo inperialista hain da nabarmena hala nola ura arrainaren begien aurrean eta, aldiz, askapen mugimendu politikoek eragozpen gogorrak izan dituzte nazionalismoa iraultzaile gisa identifikatu ahal izateko (Arieh Yaari, «Le défi national: les théories marxistes sur la question nationale...», 1978).

Abertzaletasun estatala inperialismo hutsa den bezalaxe, XXI. mendeko nazionalismoa homogeneizatze globalizatzailearen aurkako identitate komunitarioaren errebindikazioa da, aniztasunaren aldarrikapena. Dibertsitatearen alde jokatzen du (hizkuntza, biologia, kultura eta abarren aldeko dibertsitatea). Kontzeptu deseroso eta aldaketa sozialaren formulazioa da. Hautabide politikoa (Ulises Moulines. C. «Manifestu nazionalista», 2008).

Iraultza frantsesaren ondoriozko nazionalismoaren kasuan, Latinoamerika, Afrika eta Asian jatorri oso desberdineko kultura eta herriek ideologia politiko hori bera onartu dute, maiz beren historia propioa eta gizartea berregokituz, menpean zeuzkaten inperialismoari beste alternatiba batekin aurre egiteko. Gure inguru hurbilenean, Inperio espainiar, britainiar eta otomanoaren sakabanatze historikoa etnia haien inguruetara ari da iristen (etnia gaztelar, ingeles eta turkiarra...), lehenago egitura estatalak berentzat baliatu zituztenak hain zuzen. Irlandarren, euskaldunen eta kurduen emantzipazio linguistiko eta sozialak sezesioa eta independentzia behar dute beren gizarteak era subiranoan antolatu ahal izateko eta, orain eta hemen, progresu sozialaren eragile giltzarria dira oraindik amaitu gabe dagoen humanizazioaren martxa aurrera eramateko.

P.S. Mancinik nazioa «lurralde, jatorri, ohitura eta hizkuntzaren bidez elkarrekin bizitzeak eta kontzientzia sozialak eratutako gizonen gizarte natural» bezala definitu zuen («Sobre la nacionalidad», 1985) eta definizio honek nazionalitatea zehazteko Gizarte Zientziek erabilitako ezaugarriei elementu subjektibo bat erantsi zien, hau da, kontzientzia nazionala. Honela, bere baitan sentimendu erreferentzial eta identitario hori bereganatzen duen herria, kultura, etnia edo talde soziala bilakatzen da, hain zuzen ere, eskubideen subjektu, eta beraz, lurraldez Estatu diferentziatu bihurtzeko eskubidea atxikitzen zaio.

Ildo juridiko-politiko honetan, bada, nekez ahal liteke nazionalista izatea sezesionismoa posible izatea onartu gabe, zeren eta ezein herrik ezin baitu bere buruaz libreki baliatu bortxaturik daukan estatuaz aske izatea galarazten bazaio.

Gaur agian inoiz baino areago ari da «ius cogens» (eskubide hertsagarria) via plebiszitu bakezko soluzioa eragozten hainbat kasutan non herriek politikoki, errebindikazio nazionalisten bidez, beren buruaz baliatzeko eskubidea planteatzen duten (Michaud, «Droit à l'autodétermination eta pouvoir politique», 1980).

Egoera honetan, bada, orain eta hemen, inter-nazionalismoa pentsaezina da, ez bada abiatzen nazionalismotik (Michel Cahen, «L'inter-nationalisme contre la mondialisation», 2001).

Honela bada, esan bezala, politikaren jatorri grekoaren kontzeptutik abiatuz, ondorioztatu behar genuke globalizazioari gaurko koordenatuetan aurre egiteko era iraultzailea nazionalismo independentista litzatekeela soilik.

Venezian ez da ezer bukatu, zerbait berria bezain diferentea hasi baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo