GARA > Idatzia > Euskal Herria

Orain 30 urte gerra zikinak hildako Tomas Alba HBko zinegotzia omendu dute Donostian

p013_f02_088x072.jpg

GARA

Donostiako ezker abertzaleak gerra zikinak hildako Tomas Alba Irazusta omendu zuen atzo, HBko zinegotzia Astigarragan hil zutenetik 30 urte bete baitziren. Goizean ezker abertzaleko zinegotzi ohi eta ordezkari andana batu ziren Donostiako udaletxean eta Odon Elorza alkatearen debekuaren gainetik ekitaldia burutu zuten beraien oroitarria dagoen tokian, Udaltzaingoa zelatan zutela.

PSEk eta Alternatiba-Aralarrek osatzen duten Udal Gobernuaren «mesprezu eta utzikeria» kritikatu zuen, ezker abertzaleak Albaren eta Gregorio Ordoñezen oroitarrien artean dagoen aldea ikusita; izan ere, PPko zinegotziaren oroitarrian ez bezala, Albaren oroitarrian ez du jartzen nork hil zuen eta zein alderdiko kide zen.

Arratsaldean ere ekitaldia egin zuen ezker abertzaleak Donostiako udaletxe aurrean, Alderdi Ederren. Ekitaldian salatu zutenez, Albaren hilketan parte hartzeagatik kondenatuak izan zirenek ez zituzten hamar urte ere egin kartzelan.

HBko zinegotziaren kontrako atentatua gertatu zeneko garaia eta egungoaren arteko antzekotasuna nabarmendu zuten; garai hartan aldaketa sakonak egiteko aukerak zeudela, baina Estatu espainoleko botere faktikoek orain bezala errepresioaren aldeko hautua egin zutela Konstituzio espainola eta Euskal Herriaren zatiketa «inposatzeko».

Ildo horretan, Jon Anzaren desagertzea eta ezker abertzalea sufritzen ari den errepresioa jarri zituzten adibide. Hala ere, autodeterminazioaren alde «indarrak batzen» jarraituko dutela esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo