Lander Garro idazlea
Gaurko exekutiboak
Ez naiz ilea gominaz orrazten duten gizonez fio. Zerbait ezkutatzen dute, zerbait aldarrikatzen dutenez: 'zeuk baino estatus ederragoa dut'. Geuk baino maila sozial altuagoa izateagatik harro azaltzen dira. Ez dute garbi esaten, baina bai zeharka: ilea gominaz orraztuz. Likitsa da, bestetik. Norbait gauza itsaskor horrekin ikusten dudanean, erne jartzen naiz: zerbait salduko ote dit, zerbait kenduko… eman, ez dit deus emango, horretan dudarik ez. Badut ezagun bat ilean gomina ematen duena, trajez janzten dena, bizitzan ‘norbait’ izateko ametsetan dabilena. Haurrak ginenean gelako gezurtia zen, gelako eskasa. Jolas-garaian bere baloiarekin aritzen ginen futbolean; faltaren bat egiten zuenean, falta zenik ukatzen zuen, eskuarekin baloia hartu, eta mehatxu egiten zigun: falta dela esaten baduzue, baloia eramango dut. Falta guztiak ziren falta, beraz, bereak salbu. Morroi miserablea zen, ikusten denez. Azterketa garaian gogoz ikasten zuen, eta etsaminean, galdetzen bazenion, eskuaz orria estaltzen zuen, erantzuteko asmorik gabe, eta, gainera, berari kopiatzeko ahalik eta eragozpen handienak jarriz.
Nire ezagun hura, noski, salatari porrokatua zen. Ez zuen ikasleen amorrazioa saihesteko beste biderik, ez bazen irakasleen gelan gotortzea. Istiluren batean sartzen zenean, ziztuan desagertzen zen. Ostera, irakaslearen gona atzean ezkutaturik agertzen zen gelan, gelako gaiztoak hatzaz salatzeko irrikitan.
Ekonomia ikasi zuen, eta gaur egun izoztuen fabrika batean komertzial dabil, bigarren eskuko autoan sartuta, dendaz denda larruzko karterarekin, oro irri, oro gomina, oro bakardade. Zer nahi duzue, ez naiz hartaz fio.
Ez dakit gaurko egunkarian Jokin Bildarratzen argazkia ikusi duzuen. Herrizaingo Saileko arloteekin akordioa sinatuta, hanpa-hanpa eginda azaldu zen atzo. Begira bere ileei: ezpal berekoak dira denak.