GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Kontxi Aizarna Aizarnako Aitzbarna elkartea

Informazio eskubidearen izenean

Azken hilabete hauetan Aizarnako Aitzbarna elkartearen gorabeherak eta herrian sortu den gatazka, hainbat komunikabidetan hizpide izaten ari dira. ETBko «Kalaka» saioa egiten dutenen belarrietara ere iritsiak dira, nonbait, Aizarnako manifestazioetan erabiltzen ditugun zintzarrien oihartzunak. Pozik jarri ginen «Kalaka»koek elkarrizketatu nahi gintuztela esanez deitu zigutenean. Euskal Telebistan agertuko da Aizarnan gertatzen ari dena, esan genuen geure artean.

Gatazkaren bi aldeekin hitz egin nahi zutela esan ziguten. Gu konforme. Joan zen asteazkenerako egin genuen hitzordua eta ostegun horretan bertan emango zuten elkarrizketa. Hitzordurako 15 minutu falta zirela deitu ziguten elkarrizketa bertan behera gelditzen zela esanez; izan ere, gatazkaren beste aldeak, Prudentzio Auzmendi apaizak, ezetz esan baitzien. Berak ez omen dauka ezer esateko.

Mahai-inguru eta tertulia askotan entzun dugu honako esaldia: «Bi aldeak gonbidatu ditugu baina batek ez du etorri nahi izan, beraz, gaurkoz, alde bakar baten iritzia jaso ahal izango dugu». Zergatik «Kalaka»n, orain, ez du balio esaldi horrek? Zergatik, orain, bi aldeetako informazioa edo batere ez? Zein argudioren baitan? Hori beti aplikatuko balitz, jasotzen dugun informazioaren erdia ere ez genuke jasoko. Gatazkaren alde batek ez duela hitz egin nahi eta beste aldea mutu utzi behar al da? Hori al da informazio eskubidea? Hori al da adierazpen askatasuna?

Aspaldi ikusi eta ikasi genuen agintea bereganatzen duen partiduak lehen-lehenik eskuratzen dituen bi alorrak Komunikabideak eta Hezkuntza izaten direla, eta hori hala dela ikusten hasiak gara herritarren diruarekin hornitzen den ETBn ere.

Dena dela, irakurleak jakin beza Aizarnan gertatzen ari dena ez dela herri txiki bateko liskar txiki bat bakarrik. Ez horixe! Arazoa oso potoloa delakoan gaude, eta gure herrian gertatzen ari dena Euskal Herriko beste herri askotan ere ari da gertatzen, «con la Iglesia hemos topado», alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo