Remi Gogoan ekitaldia antolatu dute urriaren 10erako billabonatarrek
GARA
Bi hilabete dira Villabonako alkateorde zen Remi Ayestaran herriko jaietan Ertzaintzarekin liskarra izan eta bihotzekoak jota hil zenetik. Maite zuten herritarrek gazte honen ekarpena goraipatu, eta haren senide, lagun eta hurbilekoei gertutasuna adierazteko, Remi Gogoan ekimena sortu eta herri omenaldia antolatu dute urriaren 10erako.
Herriko Errebote plazan izango da hitzordua, arratsaldeko zazpietan, eta ekitaldiko aurkezlea Ayestaranen lagun eta Euskadi Irratiko esatari Unai Urreaga izango da.
Ekitaldia aurkezteko igorritako oharrean Ayestarani omen egiteko herritar, norbanako, talde edota erakundeak gonbidatu dituzte eta omenaldian pantaila handian Ayestaranen bizitzaren ibilbidea jasoko duen proiekzioa ikusi ahal izango dela iragarri dute. Era berean, joaldunak, bertsolariak, Musika Eskolako kideak, unibertsitate garaiko Burgosko ikaskideak, gazte asanbladako kideak eta bere lagun koadrilak parte hartuko du ekitaldian.