«Izugarrizko aldea dago bosgarren postutik hirugarrenera»
Borrokalaria
Teknika, estrategia, indarra, buru argia... Aramaioko Oleta auzoan bizi den borrokalari honek ezaugarri horiek guztiak batu zituen joan den hilaren 25ean Danimarkan, Herning hirian jokaturiko Munduko Txapelketan brontzezko domina eskuratzeko 72 kiloko mailan. Baina merezitako atsedenaren bueltan, gauzak oso argi dauzka: «brontzearen ostean, urrearen bila joan behar da».
Arnaitz GORRITI | BILBO
Aste osoa erotzeko modukoa izaten ari da hedabideen aldetik. Telefonoa jo eta jo ari da», dio Maider Undak. Gauzak ongi atera zaizkio, baina inork baino hobeto daki pozaren eta atsekabearen artean zer-nolako tarte estua egoten den.
Zorionak. Pena da, ordea, arrakastaren ondotik bakarrik oroitzea zu bezalako kirolariez.
Aste honetan telefonoarena erotzekoa izaten ari da, eta bitartean, gora iritsi arte, inor ere ez da zutaz gogoratzen. Gure kirol honek horixe dauka.
Munduko Txapelketa pasa den honetan, zure balentriaz jabetzen al zara?
Tira, egunerokotasunera itzultzen ari naiz, eta nobedade izateari utzi dio. Orain benetakoa da domina hori. Gero eta hobeto ikusten dut egindakoa min guztiak pasatzen ari zaizkidalako eta opor txiki batzuk, kirolari dagokionez, hartuko ditudalako.
Uda oso gogorra izan ohi da. Munduko Txapelketarekin amaitzen da denboraldia, eta mundu guztia oporretan dagoelarik zuk entrenatzeari ekin behar diozu, denboraldiaren azken txanpa delako. Hilabete inguru lasai hartuko ditut gauzak.
Egun batean lauzpabost borrokaldi egin zenituen. Lasai hastea komeni al da?
Munduko Txapelketa honetan, ez. Borroka egunaren bezperan pisatu egiten gaituzte eta une horretan zozketatzen da noren kontra borrokatu behar duzun. Lehenengo borrokaldia errusiarraren -Perepelkina- kontra tokatu zitzaidan eta banekien oso gogorra izango zela; izan ere, hari irabazi ezik, dominetarako aukerarik gabe geldituko nintzatekeen ia.
Burmaa mongoliarrarekin galdu ostean, dominarik lortzeko aukera galdutzat jo zenuen?
Ez. Mongoliarraren hurrengo borrokaldia austriarraren -Gastl- aurka zen, eta banekien niri irabazi baldin bazidan, besteari ere erraz irabaziko ziola. Borrokaldiak ez dira beti nahi bezala ateratzen, baina ikusten nuen aukerarik izan nezakeela oraindik.
Zertan nabarmendu zara zure borrokaldietan?
Gure pisuan teknika ez da bereziki ona, pisu txikietan ez bezala. 72 kilotan indarra da ezaugarri nabarmenena, baina ez nire kasuan: asko hartzen ditut aurkarien hankak, orkatilak batez ere.
Aurkariak ia beti berberak dira eta hauek badakite zer egin ohi dudan. Orduan, beste gauza batzuk landu behar dira; hau da, estrategiak garrantzi handia dauka eta hori aldatzen baldin badakizu irabazteko aukera handiagoak dituzu. Hala, esaterako, suediarrari -Fransson- lehenengoz irabazi nion bi urteren ondoren.
Iaz dominaren atarian geratu zinen. Bai alde txikia dagoela arrakasta eta atsekabearen artean!
Gezurra dirudi, baina hala da: pauso txikitxo bat dago, baina izugarrizko aldea dago bosgarren edo hirugarren izatearen artean.
Horregatik, asko lagun dezake eskarmentuak, egoera hori bizi izanak. Badakizu borrokaldian oso zentraturik egon behar duzula eta ezin duzula inolako erokeriarik egin.
Brontzea eta gero...
Brontzea eta gero emaitza hori gainditzea tokatzen da. Gorantz egitean, gehiago nahi duzu beti.