Pago zaharrak AHTren lanen «oztopo»
Legorreta eta Itsasondo arteko pago zaharrak inguru haren bilakaeraren lekuko izan dira XIX. mende amaieratik, baina AHTren proiektuak eragin nahi duen eraldaketa bortitzak haien gainetik igarotzeko asmoa du. Astelehen gauean zuhaitz horietara igo ziren ekintzaileek protestari eutsi zioten atzo, eta lan hasiberriak geldituta jarraitu du, «goiz batean amaitu beharreko lanak», hain zuzen. Izan ere, goiz bakar batean egin litekeen txikizioa proiektu horren metafora tristea da. Presa handia baitute administrazioek zuhaitzak eta baserriak eraisteko, lursailak zementuz betetzeko. Horrenbesteko presa, non ez duten herritarrei proiektuaren gaineko informazioa emateko astirik izan, are gutxiago elkarrizketa bultzatu eta herritarren iritzia entzuteko. Itsasondon eta Legorretan, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, herri kontsultak egin zituzten eta proiektuaren kontrako emaitza argia izan zen. Ez ziren galdeketa ofizialak izan, baina bai udalerri horietako herritarren nahiaren adierazle. AHT ez da garrantzi txikiko proiektua; ingurumenean eragin handia izango duena eta herritar asko, herri asko kaltetuko dituena baizik; beraz, ekarriko omen dituen abantailekin batera kalte horiek ere jarri behar dira balantzan, eta herritarren iritzia entzun. Baina proiektu horren ezaugarriak inposizioa eta ezkutaketa dira, eta gardentasuna eskatu dutenen kontrako propaganda.