GARA > Idatzia > Kultura

Aranbarrik uko egin dio Euskadi Literatura Sarian finalista izateari

GARA | DONOSTIA

Atzo «Berria» egunkarian argitaratu zuen ohar txiki baten bitartez, Iñigo Aranbarrik jakinarazi zuen uko egiten diola Euskadi Literatura Sarian finalista izateari. Izan ere, Lakuako Gobernuko Kultura Sailak jakinarazi zion «Zulo bat uretan» eleberria 2008ko sarietako finalisten artean aukeratuta zegoela euskarazko literaturako modalitatean. Oharraren arabera, Aranbarrik bost eguneko epea zeukan «dena delakoagatik horrela nahi izanez gero» finalista izateari uko egiteko. Iaz sinatu «Utikan Euskadi Sariak» agiriarekin bat eginez, uko egin dio, orduan izenpetutakoarekin bat datorrela argudiatuta.

Dozenaka izan dira orain arte manifestuarekin bat egin duten idazleak, izan ere, beraien ustez, «sarion helburua ez da literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea». Aitzitik, «helburua egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea ez ote den hasiak gara sumatzen». Euren hitzetan, «horretarako antolamendu instituzionaletan behin eta berriz ageri den literatur aditu multzoaz eta zenbait erakunde gremialen dependentziaz baliatzen dira Euskadi Sariak». Besteak beste, Xabier Mendiguren, Koldo Izagirre, Txillardegi eta Jon Alonsok izenpetu zuten agiria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo