«Gulliverren lokarriak», Joseba Jaka bekarekin Xabi Bordak idatzitako poema liburu intimoa
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Elkar Fundazioak idazle gazteei eskaintzen dien Joseba Jaka bekari esker kaleratu du Xabi Borda azpeitiarrak «Gulliverren lokarriak» poema liburua. 2004an «Birika zatiak» (Susa) eta 2006an «Jotakie Urolan Pop, musika-taldeari buruzko kronika» (Gaztelupeko Hotsak) argitaratu ondoren, Borda poesiara itzuli da baina, oraingo honetan, heldutasun beteagoarekin. Xabier Mendiguren editorearen iduriko, «berezko nortasuna erakusten du munduari begiratzeko orduan, eta originaltasuna eta gustu berezia biltzen ditu hitzak hautatzean eta esaldiak tolestean». «Poeta dotorea da, pertsonala eta indar handikoa», gaineratu zuen.
Liburua lau zatitan banatuta dago eta guztira 46 poema biltzen ditu, «idazteak dakarren itsasoratzean aurkitutako 46 uharte txiki», idazlearen hitzetan. Borda, Gulliver lurrean loturik dagoeneko irudiaz baliatu da poemen abiapuntua markatzeko, nolanahi ere, ez dira Gulliverren abenturak izan poemetara eraman dituenak. Bere asmoa, eguneroko bizitzak, etxeak, familiak, lagun taldeak... norbanakoan ezartzen dituen loturak plazaratzea eta poesiaren bitartez haiengandik askatzeko bidezidor bat bilatzea izan da.
Gauzei erreparatzeko begirada berezia dakar 46 poemetan, «dotorezia pertsonala forman eta adieraz moldean», Mendigurenen aburuz. Bordaren beraren hitzetan: «Idazteak abentura izan behar du. Idazteak behar du zerbait Gulliverren grina horretatik: ekaitz neurotikoen menpe dago idazlea, eta nongo hondarretan lehorreratuko den jakin gabe itsasoratu behar du, naufragatzearen beldur izan gabe, itotzeko arrisku hori beti hortxe presente izanda».