Berrizen hildako 30 urteko gaztearekin 66 lagun hil dira lanean urtarriletik
Astearte arratsaldean hil zen langileak 30 urte zituen, tornularia zen eta bi urte inguru zeramatzan lanean Berrizko Mecanizados Mizar enpresan. Tornuan harrapatuta geratu zen eta buruan izan zuen kolpe larriaren ondorioz hil zen, Osalanek jakinarazitakoaren arabera.
GARA
Berrizko Mecanizados Mizar enpresan lanean ari zen 30 urteko gazte bat hil zen asteartean, maneiatzen ari zen tornuan harrapatuta geratu eta buruan oso kolpe larria hartu ondoren, Osalan institutuak atzo zabaldutako informazioaren arabera.
Motordun ibilgailuetarako osagaiak eta piezak fabrikatzen dituen enpresan tornularia zen langilea, eta bi urte inguruko antzinatasuna zuen Eitua industrialdean kokatutako lantegi horretan. Istripua 16.30 aldera gertatu zen. Bertaratu ziren osasun zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin haren heriotza eragozteko.
Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutuak teknikari bat bidali zuen gertaeraren tokira, SOS Deiaren abisua jaso ostean. Istripuari buruzko ikerketa abiarazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailan aritzen den erakunde horrek. Hiru herrialde horietan 2009an zehar lan istripuen ondorioz dagoeneko 47 hildako izan direla adierazi du erakundeak.
Nolanahi ere, Euskal Herrian urtarriletik hona 66 lagun hil dira lanean, eta LAB sindikatuak nabarmendu duenez iaz 125 langile zendu ziren.
Mobilizazioak gaur
Berrizen izandako ezbehar hau dela-eta, ELA sindikatuak elkarretaratzea deitu du gaurko Mecanizaciones Mizar, SAL enpresaren aurrean, 12.30ean.
CCOOk, bestalde, beste protesta bat iragarri du gaurko Berrizen, 12.00etan, Eituako gasolindegiaren parean. Sindikatuak lan arloan gertatzen ari den heriotzen «etengabeko jarioa» salatu zuen atzo eta iraila «bereziki txarra» izan dela nabarmendu zuen, 6 langile hil direlako hil horretan, soilik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errealitatea aztertzen duten kalkuluen arabera.
Berrizko kasuaren harira nabarmendu dute makinek eragindako istripu gehienetan langilea harrapatzea, zapaltzea, edota moztea gertatzen dela, eta hori eragotz litekeela, tresnek «beharrezkoak diren segurtasun dispositibo homolagatuak» izanez gero, eta «aldian behingo berrikusketak» eginez gero.
CCOOren salaketak dioenez, krisi garaiak izan arren, enpresek ezin diote arretaz jokatzeari utzi, eta «prebentzioan kostua aurreztu, langileen bizitzaren lepotik».
Bestalde, CCOOk gaurko deitu duen mobilizazioarekin bat egingo duela adierazi du EBk, eta Durangaldean dituen udal ordezkariek elkarretaratzean parte hartuko dutela. Enpresaburuei «segurtasun eta lan osasunari buruzko neurriak areagotzeko eta ardurak hartzeko eskatu behar zaiela» esan, eta hildakoaren senide eta lagunekiko elkartasuna adierazi zuten.
Urtarriletik hona 66 lagun hil dira lan istripuetan. Errealitate horren aurrean, mobilizazioak izango dira gaur, hainbat heriotza saihesteko modukoak izango liratekeelako beharrezko neurriak hartuko balira.