Lau eta erdiko txapelketaren aurkezpena
Kirol irizpideek Pablo Berasaluzeri eman diote Abel Barriolaren lekua
Datorren ostiralean Arretxe II.aren aurka txapelketa etxean irekiko duen Aritz Lasa, Olaetxea, Ongay eta Beroiz dira aurtengo lau eta erdiko aurpegi berriak. Aimar Olaizolak bere bosgarren txapela bilatuko du, Julian Retegiren errekorra hautsiko luke horrela.
Jon ORMAZABAL | BILBO
EPEL osatzen duten Aspeko eta Asegarceko agintariek kirol irizpideak hartu dituzte Abel Barriolak zerrendaburu gisa utzi duen lekua betetzeko, eta Pablo Berasaluze izango da, Aimar Olaizola, Juan Martinez de Irujo eta Titin III.arekin batera, final laurdenetan sartuko den pilotaria. Berez, bera izan zen iazko txapelketako finalerdietako ligaxkan sailkatzeko azken kanporaketako galtzaileen artean tantorik gehien egin zuena, baina bere alde egiteko, Aspek zeukan 3-1eko abantailari uko egin behar izan dio. Inaxio Errandonea, Eibarko enpresako ordezkariak aitortu zuenez, «erabakia ez da mingarria suertatu, denon artean adostua izan da eta txapelketarentzat onena dela iruditzen zaigu».
Pablo Berasaluze bera, ezustean harrapatu zuen erabakiak, atzo bertan BBKren Elkano kaleko egoitzara heldu zenean izan zuen bere berri, eta bi eratako sentipenak izan zituen hasieratik. Alde batetik, gustura zen oso zerrendaburu izanda, udako martxaz atseden hartu eta txapelketa hobeto prestatzeko aukera izango duelako. Baina beste alde batetik, Barriolak txapelketari lesio bategatik muzin egin beharrak pena ere ematen dio, eta zerrendaburu izateak presio handiagoa ekar diezaiokeela ere onartu zuen. «Bizkaitarrena» -Leiza, Berasaluze IX.a eta Agirre, baldin eta datorren astelehenean Atarrabian Diazen aurka duen atarikoa gainditzen badu- deitua izan den D adarrean egoteak ere eman zuen zeresanik atzoko aurkezpenean.
Aldaketa asko
Aurtengo kaiolako beste nobedade garrantzitsu bat, pilotarien artean izan den aurpegi berrien ugaritzea izan da. Iazko txapelketarekin alderatuta, min hartuta dauden Barriola eta Zubieta, Asegarce utzi berri duen Juantxo Koka eta Del Rey eta Larralde dira kanpoan geratu direnak. Aurpegi berriak, aldiz, iaz bigarren mailako txapela jantzi zuen Olaetxea lizartzarra, Alberto Ongay, Mikel Beroiz eta txapelketa Ederrena pilotalekuan -urriaren 9an Iker Arretxeren aurka- irekiko duen Aritz Lasa urretxuarra izango dira. Aipagarria da ere, Ekaitz Saralegi eta Iñigo Leiza berriz ere lau eta erdikoan ikustea, iaz kanpoan geratu ostean.
Aurreko denboraldian txapelketari uko egitekotan izan zena Aimar Olaizola izan zen. Kokaren aurka Tolosan lehen partida erraz irabazi arren, ikaragarri sufritu zuen besoan zuen lesio bategatik. Handik aurrera, bere eskuinak eta jokoak ikaragarri egin dute hobera eta iaz jantzi zuen txapela errepikatzeko faborito nagusia da aurten, egin duen uda bikainaren ostean.
Lortuko balu, gainera, garaipen historikoa izango litzateke, txapela bosgarren aldiz janztea lortuko lukeen lehen pilotaria izango litzatekeelako. Juan Martinez de Irujoren aurkako finalean iaz lortutako garaipena bere ibilbideko laugarrena izan zen, Julian Retegik dituenak adina. Goizuetakoak ez zion garrantzi handirik eman nahi izan bitxikeria horri, eta udako konpromisoak amaitu -sei partida jokatuko ditu hurrengo hamar egunetan- eta egun pare bateko atsedena hartu nahi du txapelketari buru-belarri heltzeko.
Juan Martinez de Irujo ere sasoi bikainean da, sanmateotan erakutsi zuen bezala, eta finalerdietan sartzeko beste faborito garbi bat da, nahiz eta bere iritziz «adarrik zailenean» jokatzea egokitu zaion. Zalantza gehiago daude azken zerrendaburuaren inguruan, izan ere, Titinek ez du uda biribilik osatu, eta berak atzo aitortu bezala «urtetik urtera zailagoa» egiten zaio halako txapelketa bat jokatzea. Dena dela, zerrendaburu izaten jarraitu nahi du, hurrengo urtean «zalantza berberei» erantzun ahal izateko.
Txapelketaren finala abenduaren 8rako dago iragarrita, Bilboko pilotaleku berria egin bitartean, Gasteizen edo Donostian izango dena. Partidaren bat Logroñon jokatzea ez zuten baztertu enpresetakoek.