Shaliten informazioaren truke hogei emakume preso askatuko ditu Israelek
Israelek hogei emakume palestinar preso askatuko lituzke Gazan atxilotuta dagoen Gilad Shalit soldaduaren gaineko informazioaren truke. Horixe da behintzat, atzo Egiptoko agintariek zabaldu zutena. Jaled Meshal Hamaseko burua Kairon izan zen astelehenean.
GARA
Egiptoko segurtasuneko iturriek atzo Efe agentzia espainiarrari adierazi zioten Israelgo agintariek preso dauden hogei emakume palestinar askatuko dituztela. 2006tik Hamasen eskuetan dagoen Gilad Shalit soldaduaren gaineko informazioaren truke.
Bestalde, MENA agentzia egiptoarraren arabera, «Israelen atxilotuta dauden palestinarren egoera konpontzeko Egiptok eta Alemaniak egin dituzten ahaleginei esker lortutako akordioa da hori».
Shalit 2006ko ekainean harrapatu zuten Hamas, Herri Erresistentziarako Batzordeak eta ezezaguna den Armada Islamikoak, Israelgo militarrak Gazan operazio bat egiten ari ziren bitartean. Israelen arabera, bahiketa Estatu sionistaren lurraldearen barnean izan zen, Gazatik gertu.
Akordio honek, MENAk aipatzen dituen iturrien arabera, «bi aldeen arteko konfiantza giroa sortzea dakar».
Egiptoko agentziak adierazi duenez, hogei emakume palestinar preso horiek askatzeko «Shalit bizirik dagoela eta haren osasun egoera zein den erakusten duten frogak» jaso beharko dituzte.
Hamaseko erbesteko arduradun nagusi Jaled Meshal, Kairon, Egiptoko segurtasun zerbitzuetako nagusi Omar Suleiman jeneralarekin bildu eta bi egunetara egin da iragarpen hori.
Shaliti buruz Hamas eta Israelen artean izan diren elkarrizketetan eman den aurrerapausorik nabarmena da.
Gazan, erasoak eta hildakoak
Bestalde, Israelgo Armadako hegazkinek bi palestinar hil eta lau zauritu zituzten atzo Gazan izandako aire erasoan. Beste lau palestinar desagertuta daude. Israelen arabera, eraso hori herri sionista baten aurkako eraso baten aurreko erantzuna izan zen. Talde palestinarrek jaurti zituzten koheteak Zikin herritik gertu dagoen zelai batean erori ziren, hildakorik eta kalte materialik eragin gabe.
Israelen bertsioaren arabera, hegazkinek Egipto eta Gaza lotzen duten tunel bat suntsitzea zuten helburu. Israelen blokeoa dela-eta 2007ko ekainetik Gazara iristen ez den materiala tunelen bidez sartzen dute Egiptotik. Estatu sionistaren arabera, armak ere tunel horietatik iristen dira Gazara.
Israelen hitzetan, Gazako sarraskia urtarrilean amaitu zenetik palestinarrek 250 kohete jaurti dituzte herri juduen aurka.
Bestalde, 2007ko ekainetik tuneletan hil diren palestinarren kopurua -istripuengatik edo Israelen erasoen ondorioz- 124ra iritsi da, zerbitzu mediku palestinarren datuen arabera.
Richard Goldstone epaileak Gazako sarraskiaren gainean NBErentzat egindako txostenaren hedapena gelditzeko bitarteko ugari erabiltzen ari da Israel. Txosten propio bat kaleratu nahi du Netanyahuk.