GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Urdangarin: «Indarra jorratzen saiatu gara isiltasunetik abiatuta»

«Zubia» lan berria Baga-Biga diskoetxean plazaratu eta folk doinuetatik poperako bidea gurutzatu du, ohiko musikari boskotea lagun duela, seikotean. Hitzetan ere, Karmele Jaio, Unai Iturriaga eta Kirmen Uribe lagunen partaidetza izan du Mikel Valverdek marraztutako azala duen zubia eraikitzeko. Behin emaitza plazan jarrita, zuzenean emango du aurki. Estreinakoz, azaroaren 30ean Bilboko Arriaga antzokian, eta, Durangoko Azokan, Plateruenan hurrengo.

p040_f01_097x136.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Mikel Urdangarinek «Zubia» lan berria aurkeztu berri du, Baga Biga diskoetxearen eskutik. Ibiliaren ibiliz, zornotzarrak dozena bat urte darama kantagintzan, talde lanean zein bakarka, eta kasik hamar lan plazaratu ditu dagoeneko, musikari emana dabilenetik.

«Zubia» izenburuak abeslariaren gurari bat du oinarri: «Zubia baita entzuleen eta nire artean eraiki nahiko nukeena». Urdangarinen ametsa da hori, «kantua zugandik jaiota besteengana heltzen ez bada, umezurtz gelditzen da-eta».

Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin lanean hasi -sei lan ditu plazaratuta beraiekin- eta «Dana» Elkarren argitaratu ostean, orain bi urte, «Anek idatzi dit zutaz» autoekoizpenean eman zuen zornotzarrak, eta berriro diskoetxeen babesera itzuli da, Baga-Bigaren magalera. «Autoekoizpena guretzat aukerarik onena zela iritzi geniolako jo genuen, beste aukera batzuk izanda ere. Modurik zuzen eta duinena genuen, arriskuz baina askatasunez betea», esan digu zornotzarrak, «eta balorazio ona egiten dut, gaur eguneko eta batez ere etorkizuneko errealitatea baita». Alta, lan berria ere bide beretik ematekoak zirela, «Baga-Biga agertu zitzaigun, eta eskaintza duin bat egin zigun, gogo eta ilusio handiz».

Folketik popera

Lan berria osatzeko, bost musikari trebe izan ditu ondoan Urdangarinek. Sahiela Vivo en el acto baterian, Nika Bitchiasvili eta Bingen Mendizabal (zazpi sokakoan) arrabitetan, Rafa Rueda gitarra eta makina bat sokatan eta Koldo Uriarte teklatuetan. «Lana neuk sinatzen dut, baina ez nago bakarrik, aipatu musikariak ezinbestekoak dira eta beraien ekarpenak asko baloratzen ditut», dio kantariak. «Bingen eta Rafak aspalditik laguntzen naute eta seikoteak bost urte daramatzagu elkarrekin jotzen», azken emaitzan nabari den legez.

Hitzetan berriz, zornotzarraz aparte, Karmele Jaio, Unai Iturriaga eta Kirmen Uribe. «Batzuetan norbera kateatu egiten da musikari letra jartzeko orduan eta beraiengana jotzea eskertzen dut», aitortu du kantu egileak. Gainera, «beste ezeren gainetik lagunak gara eta ondo pasatzen dugu elkarrekin».

«Zubia»k folketik popera igarobidea egiten du. «Neuretik asko du eta, alde horretatik, ez du sorpresa handirik», Urdangarinen esanetan, «baina kantuen izaera, kontatzen denagatik eta soinu aldetik» inoiz jorratu gabeko detaileak dakartza, eta «haize freskoa ekarri dit», onartu digu. Aurrekoa folk ukitukoa eta akustikoagoa da, «egur kolorekoa». Berria, berriz, popera lerratzen da, Ruedaren gitarra eta Uriarteren teklatuak lagun. «Saiatu gara kantua ahalik eta gehien aberasten, intentsitate aldetik, atmosferak eta garapenak zaintzen... dinamika deitzen zaiona», hasi da musikaria hausnarketan. «Indarra beti ez da burrunba, eta saiatu gara intentsitatea eta indarra jorratzen isiltasunetik abiatuta: kontentzio handia dago diskoan, baita leherketa txikiak ere, aipatu kontentzioa irekitzen». Hala ere, «gaitza egiten zait diskoaz hitz egitea», aitortu du, «distantzia beharko nuke». Azken batean, Mikelek nahiko lukeena, «entzule bakoitzak bere irakurketa egitea da».

Aurki -azaroaren 30ean, Bilboko Arriaga antzokian- bira berri bati ekingo dio Urdangarinek, aipatu seikotean. Hamarkada beteko ibilbidea sorbaldan, entzuleen arreta mantentzea gero eta zailagoa ez ote den ere galdetu diogu, eta , «badira hamaika urte irakaskuntza utzi eta musikari bakarrik ekiteko apustua egin nuela, jakinda ez zela erraza» erantzun digu. «Orain inportanteena neure ilusioa mantentzea da, kantuak egiten jarraitu eta jendaurrean jotzeko». Bere ustean, «badago entzuleria bat prest eta egin daiteke». Lan berri bakoitzarekin gainera, ilusioa berritu egiten da, eta «sentitu dut oraingoan barne bultzada bat...». Eta agur esatean: «Baikorrak izan ezean jai daukagu».

ZUZENEAN

Zornotzarrak azaroaren 30ean Bilboko Arriaga antzokian aurkeztuko du «Zubia» zuzenean, ohiko seikotean. Durangoko azokan izango dira hurrena, Plateruenan, abenduaren 6an, igandea.

BAR PUERTO

Kirmen Uribe lagunarekin landutako «Bar Puerto» hasierako ikuskizunaren hamargarren urtemuga dela-eta, Bilboko Bidebarrieta liburutegian zuzeneko bakarra emango dute, urriaren 17an.

«Lo dagoenaren gainean botatako izara leuna»

Horrela definitzen du Mikel Urdangarinen musika Karmele Jaio idazleak, eta «Zubia» diskoak «desira, begirada, nostalgia eta hasperenak osatzen duten mundu lanbrotsu hori argiztatu eta ikusgai bihurtzeko dohain berezia» du promozio orrian adierazi duenez.

Lana zuzeneko formatuan grabatuta dago -lau musikarik batera jo eta biolin zein teklatuak gehitu zaizkio gero- Elkar estudioan ekaina eta uztaila bitartean, Mikel F. Krutzaga soinu teknikari zela.

«Zubia» hamar kantuz eraikia dago. Batzuk aipatzearren, single gisa «Karoline» entzun daiteke dagoeneko irratian. «Munduari begiratzeko modu bat» ere ageri da, berritua, «alde batetik zuzenean «Zaharregia, txikiegia agian» (GH 2003) diskoan ageri den kantutik nahiko urrun dagoen bertsioa jotzen dudalako -zuzenekotik hurbil dago berreskuratzen hau-, eta sonoritatez ondo egokitzen zitzaiolako lanari». Eta, gure ustean, harri-bitxia, Iturriagak idatzi «Itzi geuntsan».

Zuzenean, aipatu seikoteaz gain, Josu Zabalaren laguntza berezia izango dute, aurkezpen kontzertu nagusietan, Bilbon eta Durangon.A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo