GARA > Idatzia > Kultura

Bide Ertzean talde tolosarrak «Leidor Sessions» zuzeneko disko eta DVDa «erditzea» lortu du

Hamar urte igaro dira Imanol eta Joni Ubedak eta Karlos Aranzegik Bide Ertzean sortu zutenetik. Orain, Joserra Senperena eta Fran Iturberekin boskotea finkaturik, zuzeneko disko eta DVDa aurkeztu dute.

p043_f02_97x136.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Ez da disko beste disko soil bat, berezia da», esan zuen Imanol Ubeda Bide Ertzean-eko abeslariak. Eta halaxe, harri-bitxi modura aurkeztu zuen atzo talde gipuzkoarrak bere azken lana. Joan den urtarrilaren 16an eskaini zuten zuzenekoa Tolosako Leidor aretoan -taldearen «espazio naturalean»- eta bederatzi hilabeteren ondoren, «Leidor Sessions» izeneko lana «erditzea» lortu dute. Bertan, zuzenean grabatutako diskoaz gain, irudietan ere jaso dute kontzertua.

Hamasei kantu entzun eta ikusi ahalko dira orain arte kaleratutako sei diskoen errepasoa egiten duen bilduma honetan. Badira duela hamar urte eginikoak («Aurrez amestu gabetan», «Badator eguna»...), 2006an kaleratutako «Non dira» diskokoak («Gazte ziren, aske ziren») eta baita kantu berri bat ere («Graffitti»).

«Ez zen bira bateko zuzeneko bat izan. Egun horretarako prestatu genuen», azaldu zuen Joserra Senperena taldekideak; «Diskoa estudioko moldaketarik gabe kaleratu nahi genuen eta horretarako astebetez egon ginen Leidorren sartuta». Modu Operandis ekoiztetxe donostiarra arduratu zen DVDa grabatu eta muntatzeaz. Kontzertuaz gain, zenbait elkarrizketa gehitu dituzte Gorka Urbizu, Kirmen Uribe, Kaki Arkarazo edo Iñigo Aranbarrirekin, esaterako.

Dagoeneko emanaldi batzuk aurreikusita dituzte. Azaroaren 3an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira; 6an, Andoaingo Basteron; eta 7an, Bergarako kultur etxean. Gainera, hil honen 23an, DVDaren proiekzioa eskainiko dute Leidor aretoanbertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo