Pello Zabala | eguraldi aditua
Hileen izenak gizenegi?
Herenegun burutu genuen «buruila», Duvoisinek «Laborantzako Liburua»n dioenez,
«zaldi-babak eta arthoak biltzeko tenorea»
Ari ginen, tertulia patxada askokoan, gure hileen izenak baserri inguruko lanen martxa jakinetik datozkigula solastatuz, iraila nahiz garoila, agorrila, eta urrila edo lastaila… zer bildu eta zertan saiatu bazutela gure asaba estimagarri haiek, baina azken urteotan lan horiek denak bestelakotu eta baztertu ere egin direla, tamalez batzuentzat, eta… Han sartu zitzaigun betiko atorrantea:
-«Es que los caseros y vuestra marcha ya pasó a mejor vida. Mira que estar llamando a setiembre y octubre ‘mes del helecho y de la paja’…! Pero dónde habéis quedado, hombre?».
Agudo heldu zion gure baserritar bertsolariak:
-«Qué meses has dicho: setiembre y octubre? Acaso son el séptimo y el octavo?... No te fastidia! Al mes que ha acabado deberíais de llamarlo ‘novi-embre’, porque es el noveno; y a éste que hemos estrenado ‘dici-embre’, por ser el décimo… y a ver si inventáis algo más exacto para 'azaroa' y 'abendua', ‘onci-embre’ y ‘doci-embre’, por ejemplo… mira que os lo ayudamos 'los caseros'...!!!».
Baita bestea isildu ere… txistuka alde egin zuen guregandik.
Herenegun burutu genuen buruila, Duvoisinek “Laborantzako Liburua”n dioenez «zaldi-babak eta arthoak biltzeko tenorea». Agorrila ere deitu izan bazaio, arrazoirik eman ohi duelako, bai, hartan eta halaxe portatzen dakielako: 1977ko agorrilak, Arantzazun 5,2 litro soil eskasegiak besterik ez zigun utzi.
Aurtengoak ere, lehen lau egunetan 10 litro utzi zituen arren, hurrengo hamaika egunetan guztiz antzutik iraun zion. Azken bederatziak ere halatsu. Baina hilaren 18ko ilberritxoak erauntsi zituen bazterrak zazpi egunez, 180 litro oparitu zituelarik. Bazuen egarririk mendi ingurune honek: denak xurgatu eta irentsi zituen, baina Arantzazuko erreka mugitu gabe xurrupatu zituen denak.