«Baserria da etorkizuna» lelopean, hiru eguneko martxa antolatu du Akuiluk
Amaia ZURUTUZA
Urriaren 23an hasita hiru egunez Azpeititik Durangorako bidea egingo duen baserritar gazteen martxa antolatu du Akuilu nekazari gazteen elkarteak.
«Baserria da etorkizuna» lelopean, azken urteetan industria, eraikuntza eta hirugarren sektorearen zabalkundeak nahiz kanpoko elikagaien sarrera etengabeak eta honek eragindako kontsumo ohiturek nekazaritza jarduera gutxitu duten arren, Euskal Herriak aurrera egin dezan «nekazaritza bizi bat» izatea ezinbestekoa dela aldarrikatuko dute ekimen honen bitartez.
Hala, Euskal Herriko nekazaritza berrantolatzeko lanean jardun nahi duten baserritar gazteei, baserritar izan nahi dutenei nahiz «gaian interesa duten guztiei» deia luzatu zien atzo Akuiluk Azpeitian hasi, Azkoitia, Elgoibar, Eibar, Ermua nahiz Mallabia herriak igaro eta Durangon amaituko den martxan parte har dezaten. Besteak beste, urriaren 24an manifestazio nazionala antolatu dute Eibarren, eta hiru egunetan zehar mahai-ingurua, kalejirak, bazkariak, solasaldiak nahiz pelikula emanaldia izango dira. Era berean, bihar, 16.00etan, asanblada antolatu dute Azpeitian, iritziak elkar trukatzeko.