GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Paul Bilbao eta Ione Josié Hizkuntz Eskubideeen Behatokiko kideak

Euskarari lege geriza

Konstituzioaren aldaketak ezer gutxi ekarriko duela pentsa daiteke, eta denok dakigu ofizialtasunak soilik ekar lezakeela euskararen normalizazioa eta euskal hiztunen hizkuntza eskubideen bermea

«Dans le système français tout est fait pour que les langues meurent»

(François Alfonsi, europar diputatua)

Irailaren 23, 24 eta 25ean «Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna eta 2008ko Konstituzio aldaketa» izeneko solasaldia izan da Baionako Unibertsitatean. Solasaldiak ikuspegi juridikoa ukan du haritzat, eta euskalgintzaren kezkak berretsi ditu, hots, Konstituzio aldaketak sortu indefinizioak artikuluaren ahultasuna besterik ez duela islatzen. Izan ere, 75-1. artikuluan hizkuntza gutxiagotuak Frantziako ondaretzat jotzeak zalantzak sortu ditu.

Lehenik eta behin, aipagarri eta kritikagarri izan da hizkuntzen inguruko artikuluaren lekua, hots, hasieran jarri ez izana. Izan ere, uler liteke kolektibitateei buruzko artikuluen multzoan jarri izana lurraldetasunari muzin egiteko izatea edo, besterik gabe ez zekitelako non jarri. Hala eta guztiz ere, bigarren artikuluaren ostean jarri izanak nolabaiteko hierarkia sortzen duela ikusi da.

Azken batean, 75-1. artikuluaren hauskortasun edo definizio-eza ere oso agerikoa izan da hiru eguneko solasaldian; izan ere, bi aldeetako iritzi juridikoak plazaratu dira: Ondareak hizkuntzaren berreskurapenari ateak zabaldu ahal izango dizkion iritzia, baina baita horren guztiz kontrako iritzia ere. Hartara, aditu juridikoak bildu dituen foro batean 75-1. artikuluaren ondorio juridikoak bateratu ezinak artikuluaren ahultasuna besterik ez du islatzen. Ondare izendatu izanak eskubideen sorrera urteetan atzeratzea ekar dezakeela ere adierazi zen. Berriz ere, «ondare» hitzak ekar zitzakeen mugak aipatu ditu, edozein motatako monumentuen antzera, museoetan biltzekoak ote dira hizkuntzak?

Izan ere, Behatokiak bere momentuan egin zuen 75-1. artikuluaren balorazioa, hain zuzen ere, ondare izendatzeak ez zuela ezer berririk ekarriko. Solasaldian ere Behatokiak propio agertu zuen Finantza Ministerioak horren inguruan emandako erantzuna: 75-1. artikuluak ez die hizkuntza eskubideen aterik irekitzen eta, horrez gain, gutunak propio jasotzen zuen Konstituzio aldaketak ez zuela frantsesaren lehentasunezko estatusa zalantzan ezartzen. Ondorioz, luzaz artikuluaren balioaz eztabaidatu bada ere -hau da, bakoitza bere irakurketa plazaratzen saiatu bada, hizkuntza gutxiagotuei zer-nolako aukerak zabaltzen zaizkien aurreikusten saiatu bada-, uste dut argi gelditu dela xedea ez dela ondare publikoaren ikuspegia edota herritarren eskubideei aterik zabalduko dien ezer.

Horrez gain, 75-1. artikuluaren helburu nagusia komunikatiboa dela ondorioztatu zuen Olivier Lecuq adituak: herri mugimendua baretzeko eta Europako presioei erantzuteko, gaur egun oso bakarrik agertzen delako hizkuntza gutxiagotuen kudeaketa ereduan.

Badirudi 75-1. artikuluak tolerantziari besterik ez diola erreparatzen, eta tolerantzia zer den ezin izan zen definitu. Baina tolerantzia ez da inondik inora hizkuntza komunitatearen aitortza edota hizkuntza eskubideen babesa ekartzen duen elementua.

Bestalde, Xavier North Kultura Ministerioaren ordezkariaren hitzek ez zituzten ase bertaratu ziren partaideak. Izan ere, Sarkozyren Gobernuak 2009rako egitekoa zuen legeaz ez zen hitzik esan. Are gehiago, ordezkariaren hitzak telefonotik grabatu behar izan zituzten, ez baitzen Baionara hurbildu, eta legeaz hitz egiteko ez zuela ahalmenik esan zuen, berriz ere herri mugimenduaren kezka piztuz eta, esan behar da, Parisen mespretxua islatuz. Nola onartu, irailean oraindik ere, lege honen edukiaz eta egutegiaz deus ez jakitea, 2009rako prest egon behar zuen legeaz? Lege ikusezina! Mespretxua, besterik ez!

Haatik, kontrapuntuan, tokiko hautetsiek borondate politikoaren eta lege esparru baten beharra berretsi zuten. EEPko lehendakariak berak legea heldu bitartean hizkuntza politika bideratzen has daitekeela adierazi zuen. Ikus daitekeen bezala, bi jarrera nabarmendu ziren, Pariseko mespretxua, tokiko politikarien borondatea. Agian, benetako borondate politikoa da aipatu dena, behintzat, Baiona eta Angeluko auzapezen hitzak ez ditzagun ahantzi, lehenak Konstituzio aldaketaren beharra aipatuz, eta besteak hizkuntzaren balore soziala bultzatzeko beharra. Guk behintzat hitz hauek ez ditugu ahaztuko...

Baina ez da gaur egungo egoera, eta egalité printzipioaren irakurketa faltsuak eraginda, euskaldunok diskriminazioa pairatzen segitzen dugu. Nola ez aipatu Baionako euskarazko mezaren ordutegi aldaketa? Nola ez aipatu, Baionako Herriko Etxeak herritarren inplikazioa neurtzeko bideratu azken inkestan, euskarazko bertsioa erabili nahi zuen herritarrak webgunean sartu behar izana, hots, indar bat gehiago eskatu zaio, euskara erabili nahi izateagatik, euskarari leku sinbolikoa eskainiz. Nola beteko zuen euskarazko bertsioa Internetik ez duen herritarrak? Zergatik ez igorri euskarazko dokumentua postaz, frantsesezkoarekin batera? Zergatik euskaldunei indar gehiago egitea galdegin? Hori al da euskarari erraztasunak ematea? Borondate politikoa nahikoa ote da?

Testuinguru honetan, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak urriaren 24an «Hizkuntza politika ausarta garatzeko euskarari lege geriza, Euskara hizkuntza ofiziala!» lelopean antolatu manifestaldiak inoiz baino esanahi handiagoa du. Konstituzioaren aldaketak ezer gutxi ekarriko duela pentsa daiteke, eta denok dakigu ofizialtasunak soilik ekar lezakeela euskararen normalizazioa eta euskal hiztunen hizkuntza eskubideen bermea. Bestalde, konstituzio aldaketaren hutsuneak bete ditzakeen legea beharrezkoa dugu, hau da, hizkuntza politika egokia, eraginkorra ahalbidetuko duena, gizarteko sektore guziak kontuan hartuko dituena, baliabidez behar bezala hornitua izango dena, oro har, euskararen eta berea bezalako hizkuntzen normalizazioa eta hiztunen babesa ekarriko lukeena.

Mespretxuaren aurrean mobiliza gaitezen! Urriaren 24ko manifestaldian parte hartzea ezinbestekoa da; gure deiadarra luza dezagun, eta euskararen ofizialtasuna aldarrika dezagun!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo