Bertsolari txapelketa nagusia 2009
Ederra izateko osagai guztiak dauzka
Beren izena entzun ahala banan-banan igo ziren bertsolariak Tabakalerako oholtzara; bertsolari onak eta hobeak errenkadan. Epaile taldea etxeko lanak eginda, eta lanean hasteko prest. Gai-jartzaileak lasai, lana majo aurreratuta. Oholtza gaineko eta behealdeko aulki hutsak betetzea baino ez da falta. Txapelketak ederra izateko arrisku handia dauka.
Amagoia MUJIKA - Ane ARRUTI | DONOSTIA
Bai. Hastera doa Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bihar, Zestoan. Asteazkenean, Donostiako Tabakaleran izandako festan, aurkezleek -Ainere Tolosak eta Egoitz Lasak- 44 bertsolarien izenak banan-banan esan zituzten eta bertsolariak errenkadan igo ziren oholtzara. Ez bertsotara, familia argazkia ateratzera baizik. Eta bazter guztietatik hasi ziren bertsolariak ateratzen; onak eta hobeak. Bertigo pixka bat ere ematen du hainbeste bertsolari elkarren ondoan ikusteak. Baina haiei guztiei begira ondorioa garbia da: punta-puntako txapelketa izateko osagai guztiak ditu aurtengoak.
Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, garbi dauka txapelketa arrakastatsua izango dela. «Jende guztia gaude ikuskizun zer gertatuko den, zein eragin izango duen egoera ekonomikoak... Nik neuk pentsatzen dut egoera ekonomikoaren tristurak eta ilunaldiak jendea bultzatuko duela gauza positiboen eta berrien bila eta txapelketa arrakastatsua izango dela». Hemen ere krisi ekonomikoaren itzala. Baina horixe bakarrik krisian, «bertso saioak eta sormena ez daudelako krisian». Bide horretan, Muruak garbi dauka elkartearen iritziz zer den txapelketa arrakastatsua, «guretzako arrakasta izango litzateke bertso maila ona, bertsolariak gustura eta duten onena ematen eta entzuleak ere pozik. Entzuleak protagonista dira txapelketan eta haiek gustura uztea da helburua, erabat aseturik utzi gabe hala ere, hurrengo saiorako gose pixka batekin».
Lasai dago Murua, dena prest eta ondo lotuta dagoelako. «Norbaitek behar du buru, lehendakari izen horri eutsiko diona. Baina lanik gutxiena nik egiten dut. Lorerik gehienak nik jasotzen ditut, tarteka belarrondoko batzuk, baina protagonistak elkarteko langileak, bertso eskoletako irakasleak, gurasoak... dira. Azpian dagoen sare hori da guretzat garrantzitsua. Horrek ematen du oinarria. Ni horiek gabe ez naiz ezer, eta horiekin ere ezer gutxi».
«Ofizio xelebrea»
Murua oholtza azpialdeko langileekin akordatu zen Tabakalerako ekitaldian; baita oholtza gainekoekin ere, bertsolariekin. Baina ez zituen ahaztu «sekula ondo asmatu ezin den ofizioa xelebrea» aukeratu duten epaileak ere. Ez dira beltzez jantzita joaten, diskretu antzera lan egiten dute saioetan, baina bertsozale askok hartzen dituzte ahotan txapelketa sasoian. Eta ez beti onerako.
Behin txapelketa hasita, epaileek ezin dute kazetariekin hitz egin. Horixe txapelketako legea. Hartara, baliatu beharra zegoen Asier Ibaibarriaga epaileen buruarekin hitz egiteko azkenetako aukera. «Egin dugun prestakuntza martxan jartzeko gogoz eta txapelketak ezarriko duen mailari erantzuteko gogoz gaude. Urduritasuna baino tentsioa sentitzen dut, beharrezkoa dena txapelketari aurre egiteko eta gure lana ahalik eta ondoen egiteko», esan zuen.
Txapelketetan kritika asko jaso izan ditu epaile taldeak eta askotan agertu izan da bertsozalea eta epailea urrun samar ote dauden kezka. «Kritikak entzuten eta eramaten jakin behar da. Mundu txikia da hau, eta jendea gero eta adituagoa da. Gu horren jakitun gara, gainera. Guk geure irizpideak eta arauak aplikatzen ditugu eta aurtengo txapelketari begira saiatu gara jendearengana hurbiltzen. Bertsozaleekin eta bertsolariekin egon gara, haien iritziak eta kezkak jaso ditugu. Garrantzia zeri ematen dioten eta zeri ez galdetu diegu. Hortik aurrera gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara».
Denbora kontuan hartuko dute
Entzuleriak bertsoa nola jasotzen duenaren inguruan hausnarketa egin du, beraz, epaile taldeak. Izan ere, epailea entzulea ere bada, baina entzule desberdina; «guk bertsoka epaitzen dugu saioa, eta askotan ez dugu izaten entzuleak daukan osotasunaren irudia. Agian hortxe izaten ditugu desberdintasun handienak. Hala ere desadostasunak egotea normala da, zazpi epaile eta milaka entzule daude. Hor kolore askoko iritziak izatea normala da».
«Bertso saio bat ez da neurtzen ahal behar den bezala», nabarmendu zuen Xanti Iparragirrek Tabakalerako ekitaldian eskaini zuten bideoan. Ezin da neurtzen ahal, baina neurtu beharra dago. Badira subjektiboak diren gauza asko. Objektiboenak, neurgarrienak, biltzen saiatzen dira epaileen irizpideak. Eta aurtengo txapelketarako zenbait aldaketa izan dira irizpide horietan. «Alde batetik irizpideetan argi eta garbi utzi da zer den sarituko dena eta zer den ontzat hartuko ez dena. Eta badira aldaketa txikiak. Esaterako, denboraren muga zehaztu egin da. Orain arte denboraren kontua zehaztu gabe zegoen eta orain, erreferentzia batzuk hartuta, bertsoaldi bakoitzerako denbora zehaztu dugu. Orokorrean gauza txikiak dira aldatu ditugunak, baina bertsolariarentzat garrantzitsuak direnak».
Esandakoa. Bertsolariak ariketa osatzeko erabiltzen duen denbora kontuan hartuko dute epaileek. «Finean, bat-bateko lana da eta denbora asko hartzeak itsustu egiten du. Ez nuke esango zigortu egingo dugunik, kontuan hartuko dugu».
Behin txapelketa hasita, epaileekin ez ezik, gai-jartzaileekin ere ezin da hitz egin. Aurretik ere ez dira asko kontatzekoak, txapelketako gaiak sekretupean gorde beharreko harribitxiak baitira. Hala ere, saiatu ginen gai-jartzaile taldeko Alaitz Rekondorekin. «Denetik pixka bat izango da, egunerokotasuna, gizartean dauden gaiak, umoretsuak, tristeak... denetik izango da». Gai-jartzaileak maiatzean hasi ziren lanean eta dagoeneko badute gaiez betetako poltsa handi bat. Orain, saio guztietan biltzen dira gai horiek berrikusteko eta eguneratzeko.
Krisia dezente agertuko dela, gaiak zabalak bai baina zabalegiak ez direla izango eta finaleko gai gehienak dagoeneko jarrita daudela. Horixe, lortu ahal izan genuen informazio guztia. Lasai, laster agertuko zaizkigu oholtza gainera gaiak eta bertsolariak. Ikuskizuna hastera doa.