«Txilen garrantzitsutzat ditugu dokumentalak komunikabideen hutsunea betetzen dutelako»
Biarritzeko Latinoamerikako Zinemaren jaialdian hamabost dokumental dira Union Latine sariaren lehian. «La Revolución de los Pingüinos» horietako bat da, eta Txileko ikasle batzuen matxinada azaltzen du.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
Biarritzeko jaialdian ematen ari diren dokumentalek Latinoamerikako ikuspegi anitzak eskaintzen dituzte, Paraguaiko errealitate politikoa aipagai duen Anne Recalde Mirandaren «Tierra sin mal» filmetik hasiz, Brasilgo indianoen bizia azaltzen duen «Zo'é os homens da ultima frontera» lanera. Atzo, zehazki, Jaime Diaz Lavanchy zinemagileak eginiko «La Revolución de los pingüinos» filma ikusteko aukera izan zen. Txileko Santiagoko FIDOCS zinema jaialdian saritua izan zen, baita Viña del Mareko jaialdian ere.
Jaime Diaz Lavanchyk duela zenbait urte izandako ikasle gazteen mugimendua azaltzen du filmean. Gai hori aukeratzeko arrazoiak azaltzean, gazte mugimendu horrek Txilen sorturiko ezustekoa nabarmendu zuen zinemagileak: «Txilek hamabost urte darama `trantsizioan'. Gobernuak komunikabideen bidez herritarren kontrol soziala darama. Txile adierazpen askatasun gutxien zuen herria zela esan zen 1997an. Mugimendu hori piztu zelarik guztiak harritu gintuen». Gazte mugimendua barrutik jarraitzeko aukera izan duen zinemagile bakarra izan da Lavanchy. «Gazteek oso kontrolatua zuten komunikazio arloa, ez zirelako komunikabideez fidatzen. Dokumentala, halere, onartu dute», gehitu zuen.
Dokumentalek errealitatea azaltzeko betetzen duten eginkizuna goraipatu zuen. «dokumentalak gizartean eta politikan debate sortzaileak diren ustea gero eta uste sendoagoa da zinemagileen artean. Komunikabideek betetzen ez duten lana egiten dute», bukatu zuen.
Txilen kaleratzen diren dokumentaletan Pinocheten garaia eta egungo ondorioak aipatzen dira nagusiki. Gaurko errealitatea azaltzen duen lan bakarrenetarikoa da «La revolución de los Pingüinos».