«Aspaldi ulertu nuen musikari bati jaten ematen diona zuzenekoak direla»
Musikari eta abeslaria
Euskal Herriko musika eszenako ahotsik ezagunetarikoa dugu egun Sorkunena. Kashbad taldearekin lehenik eta bakarkako bidean gero, denbora izan du Fermin Muguruzaren laguntzaile fidela izateko, baita hamaika talderekin lankidetzak egiteko ere. Emanaldi akustikoak eskaintzen hastearekin batera, aro berri bat irekitzen du bere musika ibilbidean, gaur, Dokan zuzenean aurkeztuko duena.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Rocka izan da Sorkunen ibilbidea marraztu duen musika era 1990eko hamarkadan Kashbad taldean hasi zenetik gaurdaino. Rockaren barnean, hamaika ñabarduraz beteriko eremuak ukitu ditu, Kashbad-en garaiko hardcore giroetatik, Vice Presidentes taldearen alboan egindako azken disko ilun, zikin eta indartsuraino. Bidean, elektronikarekin jolasak edota erritmo lasaiagoekin esperimentatzeko tartea izan duelarik, aro berri baten hasiera iragartzen digu oraingoan, emanaldi akustikoak martxan jartzearekin batera. Kantuak biluztu, distortsioa kendu, eta soilik bi gitarra-jotzaileren laguntzaz igoko da taula gainera abentura berri honetan. Oraingoz diskorik ez da izango, baina www.myspace.com/sorkun webgunearen bidez, zenbait kantu entzuteko aukera badago entzulearentzat.
Ez da oso ohikoa diskorik kaleratu gabe bira bat abiatzea.
Bai, hala da. Normalean disko bat grabatu eta hura kaleratzean abiatzen dira kontzertu birak. Nik ere urte luzetan horrela egin dut lan, baina oraingoan beste zerbait egiteko gogoa eduki dut. Ez nuen berriz ere konposatze lanetan hasi nahi disko berri bat prestatzeko. Egun, ez dut kontatzeko gauza askorik, eta halabeharrez, horrela tokatzen delako, beste disko bat ateratzeak ez du zentzurik. Azken urteak abiada bizian joan dira: diskoak, promozioa, emanaldiak, Fermin Muguruzaren alboan kontzertu birak, grabaketak, berriz ere diskoak...
Urte asko daramatzazu musikan buru-belarri lanean. Urteek perspektiba ematen dute, gauzak beste era batera ikustea ...
Disko berri bat kaleratu eta promozioa egiteak asko gogaitzen nau. Elkarrizketak egitea gero eta gehiago kostatzen zait, eta askotan, zentzurik ote duen galdetzen diot neure buruari. Musika gaindosia bizi dugu egun, informazioaz saturaturik gaude, eta diskoei ez diete behar bezalako tartea ematen komunikabideetan. Aspaldi ulertu nuen musikari bati jaten ematen diona zuzeneko kontzertuak direla. Musika nire bizitzeko era da, eta hortik ateratzen ditut sosak bizitzeko. Milioiak izango banitu ez nintzateke era honetan abesten arituko. Agian, gogorra izan daiteke gauzak hain gordin azaltzea, baina bizimodu hau oso nekagarria da. Aretoak, gaztetxeak, jaiak, kilometroak, furgoneta... Hamasei urte eta gero, musikaren maitasunez musu-truk aritzea nekeza da. Alta, zorionekoa naiz egiten dudan hau asko gustatzen zaidalako, eta horrek asko laguntzen du, egiten dudanarekin disfrutatzen baitut.
Zure musika ibilbidean egin duzun musika gogorrenetik, beste aldera egin duzu salto oraingoan, emanaldi akustikoetara.
Orokorrean rock musika landu izan dut beti. Kashbad taldearekin hardcorearen inguruan abiatu ginen, urteak aurrera joan ahala musika era lasaitzeko eta bide berrietan murgiltzeko. Nire bakarkako bidean ere, rocka izan da norabidea: «Onna» diskoak rocka zuen sustraietan; «Duna» ordea, lasaiagoa zen. Vice Presidentes-ekin egindako azken diskoa berriz dentsoagoa eta gogorragoa zen, ilunagoa. Oraingoan, ahotsari lehentasuna eman nahi nion, zarata alde batera utzi eta tokia eman kantatzeari.
Eraberritu ala hil...
Musika ibilbidean aro ezberdinak izan ohi dira, eta une honetan lasaitasuna behar nuen. Rock jarrerak, eta rock musika jotzeak exijitzen duen energia horrek asko nekatzen ninduen azken boladan. Airea behar nuen, anplifikadoreak itzali eta ilusioa piztuko zidan proiektu bat gauzatu. Hor sortu zen akustiko bat egiteko ideia. Nire musika ibilbidean sei disko luze kaleratuak ditut: Kashbad taldearekin hiru, eta bakarkako bidean beste hiru. Konturatu nintzen, diskoetan bazirela zenbait kantu inoiz ez nituenak zuzenekora eraman, garaian egiten ari ginen kontzertuen ildoan sartzen ez zirelako. Era berean, betiko kantuen norabidea alda daitekeela ikusi nuen, beste aldaera bat eman, izaera galdu gabe. Proiektu berri honetan, bi faktore horiek bat egiten dute.
Aro berri honetan hiruko bezala igoko zarete oholtza gainera. Gorka Sesma eta Iker Alvarez gitarrak, eta zure ahotsa, besterik ez...
Gorkarekin lan egiteko gogo izugarriak nituen. Kashbad taldean elkarrekin aritu ginen eta denbora nahikotxo daramagu entsegu lokalean bion artean gauzak egiten. Iker, berriz, orain dela gutxi arte The Hot Dogsen aritu da gitarra jotzen.
Akustikoan kantuak biluzten dituzu, distortsioa itzali eta abestiei beste nortasun bat emanez.
Kantuak «bluseratu» egin ditugula esan daiteke. Blues erritmoetan oinarritzen dira kantuen moldaketa gehienak eta hori da emanaldi akustikoen norabidea. Kantuek garapen handia izan dute: bateria kendu, baxua kendu, eta soilik bi gitarretara moldatzean, izaera berri bat hartzen dute. Hardcore azkar bat erritmo lasaietara moldatzeak, edota Kashbad garaiko reggae kantu bat blues bilakatzeak harridura sortuko du.
Erregistro berriak landu eta ahotsetan eremu berrietan murgiltzeko aukera eman dizu honek.
Kantu originalaren eta egungo moldaketaren artean alde nabarmena egongo da, baino ahotsetan fidela izaten saiatu naiz. Gustuko dut entzuleek kantua jarraitu ahal izatea eta nirekin batera kantatzea, eta horretarako, ezinbestean, ahotsaren melodia mantendu behar. Ahots jokoak egongo dira, kantuen moldaketek horrela eskatzen dutelako, baina ñabardura txikiak izango dira aldea marraztuko dutenak.
Kashbad taldearen kantuetatik abiatuz, zure musika ibilbideari egingo diozu errepaso emanaldi akustikoetan. Nolakoa izango da zuzeneko kantu zerrenda.
Badira kantu batzuk derrigorrez joan beharrekoak zuzeneko berri honetan: «Lurra», «Rescue Me», «Hegaz»... Horiek ezin dira falta. Jendearen aurrean jotzerakoan, ikusleria kontuan izan behar da, eta zentzu batean entzuleari nahi duena eman behar zaio. Arestian aipatu bezala, zuzenean inoiz jo ez ditugun kantu batzuk berreskuratu ditugu, aro berri honetan musikalki lekua bazutelako. «Autolesioa» kanta esaterako, oso lasaia zen zuzenekoetan jotzeko, eta orain topatu du bere lekua.
Proposamen berri honek, beste era bateko aretoak eskatuko ditu...
Jakin-min handia dut jakiteko nolakoa izango den jendearen erantzuna. Ez dut ideia finko bat aretoen inguruan, baino kontzertuetan «klub» erako giro bat sortzea gustatuko litzaidake. Emanaldi lasaiak izango dira, erregistro berriekin landuko ditugu, azken batean, isiltasuna eta arreta eskatzen dutenak. Gaztetxeetan jotzen jarraituko dut, taberna eta areto txikietan ere bai, baina ez dut proposamen berri hau txosnagune edota herriko jaietan ikusten; halere, nork daki?
«Rocka jotzeak exijitzen duen energiak asko nekatzen ninduen azken boladan eta lasaitasuna behar nuen, ilusioa piztuko zidan proiektu bat egin. Hor sortu zen akustiko bat egiteko ideia»
«Disko berri bat kaleratu eta promozioa egiteak asko gogaitzen nau. Elkarrizketak egitea gero eta gehiago kostatzen zait, eta askotan, zentzurik ote duen galdetzen diot neure buruari. Musika gaindosia bizi dugu egun»
Eraberritu edo hil. Ez dago beste biderik. Abiada bizian doan musika eszena honetan, gutxitan izaten da gauzak lasai hartzeko beta. Lantzean behin anplifikadoreak itzali eta melodiari tarte egin behar zaio, ahotsari lekua egin. Hori da Sorkunen hautua aro berri honetarako. Abesteko era berezi eta berezkoa izatea lortu du urteen poderioz: oldarkorra izaten badaki, oihu ozen egiten, baina baita goxoki ferekatzen, belarrira xuxurlatzen. Blues musika izango da proposamen berri honen zutabe nagusia: bi gitarren arteko jokoak eta Sorkunen ahots beltza, besterik ez. Sustraietara bidaia da, hastapenetara buelta, kantuak biluztu eta taula gainean jendaurrean biluzteko.K. O.
«Kashbad eta bakarkako bidean egindako kantuek osatuko dute errepertorioa. Eta horiekin batera blues zaharreko zenbait bertsio: JB Lenoir, Hank Willians, Howling Wolf...»
«Jakin-min handia dut jendearen erantzuna zein den ikusteko. Ez dut ideia finko bat aretoen inguruan, baina zuzenean «Klub» erako giro bat sortzea gustatuko litzaidake»
Gaur: Doka (Donostia).
Urriak 9: Bonberenea (Tolosa).
Urriak 23: Iraeta (Zestoa).
Azaroak 21: Plateruena (Durango).
Abenduak 25: Kafe Antzokia (Ondarroa).